Bidea eta faktore atmosferikoak
Euriarekin gidatzea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Euriarekin gidatuz gero, gidariak arreta handiagoa jarri behar du, zoladura bustiaren gainean ibiltzeak dituen arriskuak ekiditeko. Abiatu aurretik, pneumatikoak eta haizetakoak egoera ezin hobean daudela ziurtatu behar da; bidaian zehar, segurtasun-tarteak eta abiadura errespetatu behar dira eta, ikuspena urria denean, argiak piztuko dira.
AHOLKUAK
Higatutako pneumatikoek ez dute ura behar bezala baztertzen eta istripua eragin dezakete. Horregatik, aldian-aldian ordezkatu egin behar dira.
Eguraldi txarra badago, joan astiroago eta utzi tarte handiagoa aurretik doazen ibilgailuekiko. Kontuan izan zorua bustita badago distantzia gehiago behar dela ibilgailua geratzeko.
Haizetako-garbigailuak beti egoera onean egongo dira. Ez dugu eguraldi txarra hasi arte itxaron behar horiek aldatzeko.
Ekaitzarekin gidatzea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Ibilgailuan goazenean ekaitza hasten bada, prebentziozko zenbait neurri hartu behar dira.
AHOLKUAK
Ibilgailuaren barruan egotea segurua da tximistak jotzen duenean, betiere, guztia ondo itxita badago, baita leihoak ere.
Ez da komeni ibilgailuaren funtzionamendurako behar-beharrezkoak ez diren sistema elektrikoak piztuta izatea (adibidez, irrati-kasetea), deskarga elektrikoak jasan baititzakete.
Euri asko ari badu, komenigarria da ibilgailua galtzadaren albo batean gelditzea, zirkulazioa oztopatzen ez duen lekuan, eta atertu arte itxarotea.
Inoiz ez dugu ibilgailua beste gidarientzat arriskua sor dezaketen lekuetan geldituko (besteak beste, tuneletan edo zubien azpian), ezta txingor-ekaitza dagoenean ere.
Eguzkiarekin gidatzea (itsualdia)
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Eguraldi onarekin gidatzeak ez du arazo askorik sortzen. Hala ere, eguzkia, zenbait urte-sasoitan oso behean dagoenez, oso deserosoa izan daiteke gidarientzat.
AHOLKUAK
Komenigarria da ibilgailuan beti eguzkitako betaurreko egokiak eta garbiak izatea eta horiek eskura edukitzea; horrela, behar ditugunean ez ditugu begiak errepidetik kendu beharko.
Beti kontuan izan behar dugu eguzkia aurrez aurre dugunean itsualdia jasan dezakegula, batez ere maniobra arriskutsuak egiten baditugu (adibidez, aurreratzeak).
Itsualdiak ekiditeko aurreneurriak hartuko dira, baita ere, leku ilun batetik edo tunel batetik leku eguzkitsura ateratzen garenean.
Kontuan izan behar dugu kontrako noranzkoan datozen gidariak itsutu egin daitezkeela eta, horren ondorioz, kaltetu gaitzaketen bat-bateko maniobrak egin ditzaketela.
Gauez gidatzea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Gauez gidatzea oso arriskutsua da. Istripuen erdia gaueko orduetan gertatzen da, nahiz eta horietan guztizko trafikoaren seiren bat baino ez den kontzentratzen. Ikusteko gaitasunaren gutxitzeak eta itsualdiek zalantzak eta arriskuak sortzen dituzte.
AHOLKUAK
Edozein gidarik (baita gidari gazteek ere) duten ikusteko gaitasuna %10 inguru gutxitzen da gauez.
Motor-gidariek aldatu egin behar dute kaskoaren pantaila, egoera ezin hobean ez dagoela ikusten dutenean. Gauez, pantaila akastunak argia lausotzen du, islak sortzen ditu eta, ondorioz, ikuspena askoz ere gehiago murrizten da.
Alboko haizearen arriskuak
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Ibilgailuen aerodinamika hobetzeko ahaleginak egin diren arren, ibilgailuek alboko haizearekiko oso sentikorrak izaten jarraitzen dute. Haizearen ondorio arriskutsuak, batez ere, honako egoera hauetan antzematen dira: zubi baten azpitik igarotzean, tuneletik ateratzean, eraikin isolatuen ondotik pasatzean, basoaren babespetik irtetean edo kamioi handiak aurreratzerakoan.
AHOLKUAK
Alboko haizea egon daitekeen lekuetatik, arriskutsuenak zubiak, basoetako bidezidorren amaierak eta tuneletako irteerak izaten dira.
Kamioiren bat aurreratzera goazenean, kontuan izan behar dugu gure ibilgailuaren ibilbidea alda dezaketen alboko haizekadak egon daitezkeela, batez ere azkar bagoaz.
Arriskuaz ohartarazteko
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Errepidearen zati batean arrisku espezifiko bat dagoenean, bertan arriskuaz ohartarazteko seinalea jarriko da. Triangelu-forma du eta ertz gorria. Piktogramak zehazki zein arrisku den adierazten dio gidariari, horrek seinalean ezarritakoarekin bat datozen arreta-neurriak har ditzan.
AHOLKUAK
Gidari askok, jada ohitura gisa, ez diete behar adina arreta jartzen arrisku-seinaleei; hala ere, ez dugu ahaztu behar mota horretako seinaleak arazo ugari sortu ohi diren lekuetan jartzen direla arrisku jakinez ohartarazteko.
Arrisku-seinaleak zentzu zabalean interpretatu behar dira. Adibidez, lur-jauzi seinalea ikusten dugunean, harriak jaus daitezkeela aurreikusi behar dugu, baina baita galtzadan jada harriak egon daitezkeela ere.
Nolabaiteko arriskuaz oharazten digun seinalea ikusten dugunean, adi egon behar dugu eta arreta berezia jarri errepidean edo horren inguruetan zer dagoen ikusteko. Are kontu handiagoz jokatuko dugu arrisku-egoerako seinalea aurkitzen dugunean (horrek erpinetan katafaroak ditu).
Izozteen arriskua
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Izotza oso txarra da zirkulaziorako, baita oinezkoen zirkulaziorako ere. Denbora gutxian sortzen da eta zaila da garaiz ohartzea izotza dagoenik. Horregatik, hotz handiko egunetan, kontu handiz gidatu behar da leku ilunetan, zubietan eta korronteak dauden eremuetan; balazta erabiltzean, pixkanaka zapalduko da.
AHOLKUAK
Izotzari aurre egite aldera, hotz handia egiten duen egunetan segurtasun-neurririk onena ahalik eta kontu handienarekin gidatzea da eta aintzat hartzea tarte jakin batzuetan izotza egon daitekeela.
Haizetakoak dira izotza dagoela adierazten diguten lehenengo elementuetako bat. Hala ere, badira bestelako mekanismo fidagarriago batzuk ere, besteak beste, kanpoko tenperatura neurtzen duten termometroak, benetan gomendagarriak negurako.
Izotza agertzen denean, ABS bezalako sistema modernoek edo erabateko trakzioak ez dute saihesten ibilgailuak labain egitea eta, beraz, egokiena abiadura murriztu eta zuhurtzia handiagoz gidatzea da.
Aquaplanning-a
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Galtzadan ur asko badago, pneumatikoak ez dira zorura behar bezala itsasten eta ibilgailuak kontrolik gabe labain egiten du. Horri aquaplanning esaten zaio, eta are arriskutsuagoa bihur daiteke gurpilen marrazkia higatuta badago edo abiadura handiegia bada. Aquaplanning-a da istripu askoren benetako kausa, askotan gidariek direkzioak huts egitearen ondorioa izan dela oker uste duten arren.
AHOLKUAK
Hiru faktorek eragiten dute aquaplanning-a gertatzea:
Pneumatikoak egoera txarrean egoteak Errepidean ur gehiegi pilatzeak Azkarregi joateak
Bustita dagoen errepidean arinegi gidatuz gero, pneumatikoaren marrazkiak ezin du ura behar bezain azkar kanporatu eta gurpila labaindu egiten da zoru bustiaren gainean. Zaila da ibilgailua kontrolatzea.
Aquaplanning-a da istripu askoren benetako kausa, askotan gidariek direkzioak huts egitearen ondorioa izan dela oker uste duten arren. Fenomeno hori ekiditeko, pneumatikoak egoera onean egon behar dute eta euria den egunetan astiroago joan behar da.
Lainoarekin gidatzea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Eguraldi hotza eta hezea denean, zenbait tokitan lainoa azaldu ohi da, eta horrek astiroago joatea eragiten du. Lainoa dagoenean, abiadura murriztu eta segurtasun-tartea handitu behar da. Beharrezkoa da argiak piztea eta erreferentzi faltsuei ez jarraitzea, lainoak errealitatea desitxuratzen baitu.
AHOLKUAK
Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait gunetan errazagoa izaten da lainoa agertzea. Gune horietatik barrena gidatu ohi dutenek gogoan izan behar dute, fenomeno horrek handitu egiten baitu istripua izateko arriskua.
Lainoa dagoenean, aurretik doan autoaren atzeko argiei jarraitu ohi zaie. Arriskutsua izan daiteke, auto horren gidariak ez baitu guk baino ikuspen hobea eta, hori dela-eta, akatsak egitera eraman gaitzake.
Galtzadaren erdiko marrari jarraitzen badiogu, ez dugu zapalduko, kontrako noranzkoan datozen autoetako batek gauza bera eginez gero, talka egin baitezakegu.