Aseguruak
Zuzendaritza Nagusiaren
Erreklamazio Zerbitzua
Aseguru-kontratuen bidez, kontsumitzaileak prima bat ordaintzen du eta, horren truke, erakunde aseguratzaileak konpromiso hau hartzen du: kontratuak bere gain hartutako ezbehar bat gertatzen bada, eragindako kalteak ordaintzea edo kapital bat, errenta bat edo beste prestazio bat ematea, hitzartutakoaren arabera.
Espainian, Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusia da aseguru-produktuen erakunde gainbegiratzailea, eta hari dagokio aseguru-jarduera pribatuaren, aseguru pribatuen bitartekotza-jardueraren eta pentsio-plan eta -funtsekin loturiko jardueraren kontrola. Honako hauek eginiko jarduna gainbegiratzen du:
- Erakunde aseguratzaileek: sozietate anonimoak, mutualitateak edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitateak izan.
- Aseguru-bitartekariek.
- Pentsio-funtsen erakunde kudeatzaileek.
ECC/2502/2012 Aginduak arautzen du Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiari kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura.
Klausulak izan daitezke:
Klausula zedarriztagarriak: aseguratutako arriskua zehazten dute. Asegurua zertarako den, eta kontratuak zein berme estaltzen dituen eta zein ez deskribatzen du, ezbeharra izanez gero, aseguratzaileak nahitaez estali behar dituenei dagokienez: kalte-ordainaren ordainketa, konponketa edo hitzartutako prestazioak.
Klausula mugatzaileak: behin ezbeharra izan ondoren, asegurudunak kalte-ordaina jasotzeko duen eskubidea mugatzen edo aldatzen duten. Kontratuan nabarmendu egin behar dira eta espresuki onartu egin behar direla, idatziz, bai baldintza partikular eta orokorrak jasotzen diren polizan bertan, bai beste agiri batean, Aseguru-Kontratuaren Legearen arabera.
Beste aldetik, Auzitegi Gorenaren 2010eko uztailaren 1eko epaiak dioenez, erabat deusezak dira aseguru-kontratuetako honelako klausulak:
- Gertakizuna suertatutakoan, kalteen ordainketa eskatzeko aseguruaren poliza orijinala bera aseguratzaileari eskura ematea eskatzen duena: jatorrizko polizarik gabe, aseguratua babesgabe geratuko litzateke aseguratzailearen aurrean.
- Aseguru-kontratuaren funtsezko ezaugarriei buruzko informazioa ezkutatzen dutenak (arriskuaren mugaketa eta prestazioak), bizitza- zein auto-aseguruetan.
- Lehenbiziko urteetan bizitza-aseguruaren erreskateagatik zigor-sistema neurrigabea ezartzen dutenak, eta, ondorioz, asegurudunari errenta ukatzea edota bere hasierako kapitalaren zati batean galerak sortzea.
- Zuzenbide-defentsako aseguruetan, bezeroaren prokuradore eta abokatuaren gastuen ordainketaz aseguratzailea aske uztea, epaiketa bezeroak irabazi eta epaiketa-kostuak kontrako aldeari ordainarazten badio epaiak. Hala ez balitz, kontsumitzaileak aurreratu beharko luke gastuen ordainketa, eta aseguru-etxeak ez luke ezer ordainduko.
- Aseguruak bere gain hartutako arriskua gertatuz gero, aseguru-etxeak kontratua bertan behera uzteko eskubidea gordetzen duenean.
Prima kontratuaren funtsezko elementu bat da, Aseguru-kontratuaren urriaren 8ko 50/1980 Legearen arabera. Horrenbestez, priman edozer aldaketa egiteak esan nahi du kontratua ere aldatzea, eta, beraz, balio izan dezan, bi kontratatzaileek halaxe nahi izan behar dute.
Aseguru-kontratua eta kontratu-aldaketak idatziz gauzatu behar dira. Aseguruaren prezioa aldatzeko, kontratuko funtsezko elementu bat dela kontuan izanik, bi aldeek ados agertu behar dute, eta akordio hori polizan bertan edo beste agiri osagarri batean idatziz jasotzea egindako aldaketaren frogagiria izango da.
Prima garestitu, honako bi kasu hauetan garestitu daiteke:
- Prima aldatzea kontratuan dago aurreikusita, eta zehaztuta dator, gainera, zenbat garestituko den, edo, gutxienez, kalkulatzeko zer bitarteko automatiko erabiliko den. Kasu horretan, kontratua bera ari da gauzatzen, eta, horrenbestez, ez du hartzailearen beste onarpenik behar, horretarako baimena eman baitzuen hasieran, asegurua izenpetu zuenean.
- Primak aldatzea kontratutan aurreikusi ez bada, aldaketa onartu egin behar du aseguru-hartzaileak. Estaldura-aldi berrirako garestitu nahi bada prima, erakunde aseguratzaileak kontratua bukatu baino bi hilabete lehenago adierazi behar dio prima zenbat garestituko den aseguru-hartzaileari. Asegurudunak prima garestitzea onartzen ez badu, erakundeak uko egin diezaioke hurrengo estaldura-aldirako kontratua luzatzeari. Bi hilabeteko epea errespetatzen ez bada, ezingo da prima-igoerarik aplikatu hartzailearen baimenik izan gabe, eta horrenbestez, erakundeak aurreko aldiko prima errespetatu beharko du. Indarrean den aldia amaitzen ez den bitartean, konpainiak ezingo du kontratua desegin, hartzaileak kontratutan aurreikusi gabeko prima-garestitzeari uko egin diolako.
Aseguratutako helburua desagertzen bada edo aseguru-kontratu bat estaldura-aldia bukatu aurretik uzten bada bertan behera, asegurudunak printzipioz ez dauka eskubiderik kontsumitu ez duen primaren partea itzultzeko. Behintzat, kontratuan beste zerbait xedatzen ez bada.
Aseguru-kontratuak esan nahi du aseguratutako pertsonaren arriskua aseguratzaileari pasatzen zaiola; horrenbestez, kontratuaren iraupena hasten denean sortzen da prima, eta hitzartutako epean dagoen ezbehar-arriskua estaltzen du.
Erabateko ezbeharra izaten bada edo aseguruaren helburua desagertzen bada, hartzaileak ordaindu gabeko prima zatikatuak izango ditu zorretan, baina aldiaren hasieran ordaindu baditu, ez du eskubiderik izango parte jakin bat berreskuratzeko.
Zenbait erakunde aseguratzailek euren polizetan klausula bat sartzen dute adierazteko, estaldura aldian egonik, eta aseguratutako helburua desagertu edo transmititzen bada, aukera izango dela denbora batean kontsumitu gabeko primari eutsi, eta hala, asegurudunak beste zerbait aseguratzeko egingo duen aseguruaren primari aplikatzeko. Kontratu-klausula hori egoteak ez du esan nahi erakunde aseguratzaileak asegurudunaren eskubideez abusatu behar duenik, ez eta mugatu behar dituenik ere.
Aseguru bat kontratatzeak maileguak lortzea errazten du eta, askotan, finantza-produktuen baldintzak hobetzen ditu. Hala ere, ez da derrigorrezkoa.
Hipoteka bat gauzatzerakoan soilik da derrigorrezkoa aseguru bat kontratatzea; hala jasotzen da Hipoteken Merkatua Erregulatzen duen martxoaren 25eko 2/1981 Legean.
Erreklamazioa egin nahi baduzu:
- Lehenik eta behin, erreklamazioa aurkeztu behar duzu Bezeroaren arretarako sailean edo, hala badagokio, Bezeroaren defendatzailearen aurrean. Izapide hori ezinbestekoa da, eta ziurtatu behar duzu Bezeroaren arretarako sailera zuzentzen zarela edo Bezeroaren defendatzailearengana, eta ez erakundeko beste edozein sailetara. Gomendatzen dizugu zure idatziaren goiburuan adieraztea idazkia sail horretarako dela.
- Hilabeteko epean erantzun ez badizute edo erantzuna egokia ez bada, erreklamazioa aurkez dezakezu Aseguru eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian. Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusian kontsultak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko prozedura ECC/2502/2012 Aginduakarautzen da.
- Telematikoki edo paperean egin dezakezu, idazkia Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren Erreklamazio Zerbitzura bidalita (Paseo de la Castellana, 44, 28046 Madril).
- Horretarako prestatutako formularioak erabili beharko dituzu eta honako datu hauek eman: zure identifikazio- eta kontaktu-datuak, erreklamatzen duzun aseguru-entitatearen datuak, zure kexaren arrazoia, gertakarien kontakizuna eta horren euskarri den dokumentazioa, eta, oso garrantzitsua, aseguru-entitateari aurretiaz egindako erreklamazioaren egiaztagiria.
- Aseguratzaileen publizitate osoa zorrotz aztertu, ez bakarrik zati erakargarrienak.
- Baldintzak idatzita biltzen dituen agiria eskatu, erabakia hartu eta kontratua sinatu aurretik.
- Ez sinatu ezer, ulertzen ez baduzu.
- Finantza-erakundean bertan azalpenak eskatu edo kanpo-aholkularitza bilatu, dena delako eskaintzaren zenbait termino ulertzen ez baduzu.
- Kontratuen kopiak gorde beti.
- Kontratuen klausula guztiak ondo ezagutu.
- Abusuzko klausulak salatu.
- 50/1980 Legea, urriaren 8koa, aseguru kontratuari buruzkoa [es].
- 26/2006 Legea, uztailaren 17koa, aseguru eta berraseguru pribatuen bitartekotzari buruzkoa [es].
- 2/1981 Legea, martxoaren 25ekoa, Hipoteken Merkatua Erregulatzen duena [es].
- 41/2007 Legea, abenduaren 7koa, hipoteken merkatua erregulatzen duen martxoaren 25eko 2/1981 Legea eta sistema hipotekario eta finantzarioari buruzko beste arau batzuk aldatu, alderantzizko hipotekak eta mendekotasun asegurua arautu eta zerga alorreko zenbait arau ezartzen dituena [es].
- ECC/2502/2012 Agindua, azaroaren 16koa, Espainiako Bankuaren, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren eta Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren erreklamazio-zerbitzuetan erreklamazioak aurkezteko prozedura arautzen duena.
Azken aldaketako data: