Gidabaimena edo gidalizentzia berreskuratzea
Gidabaimenaren indarraldia bi arrazoirengatik gal daiteke:
- Trafikoko arau-hauste larri edo oso larri batzuk egin ondoren gidabaimeneko puntu guztiak galtzeagatik.
- Gidatzeko eskubideaz gabetzeko bi urtetik gorako kondena judiziala.
Pertsona batek puntu-saldo osoa agortzen badu, gidabaimena indargabetzeko erabakiaren jakinarazpena jasoko du. Hamar eguneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Behin betiko indargabetzearen jakinarazpena jasotzen duenean, edozein Probintziako Trafikoko Buruzagitzan entregatu beharko du baimena, eta une horretatik aurrera ezin izango du gidatu.


Baimen berri bat lortzeko eta berriro gidatu ahal izateko, bideko sentsibilizazio- eta berreziketa-ikastaro bat egin behar da aprobetxamenduz, eta, ondoren, proba teoriko bat gainditu Probintziako Trafikoko Buruzagitzan.
Zenbat irauten dute ikastaroek?
Ikastaroak hogei ordukoak dira.
Zein unetan egin daitezke ikastaroak?
Edozein unetan gidatu ezin den gaitasungabetze-aldian, baina komeni da amaieran egitea, ondoren proba teorikoa egin beharko baita Probintziako Trafikoko Buruzagitzan.
Zertan dautza ikastaroak?
Ikastaroetako hogei orduak bi zatitan banatuta daude, bata komuna eta bestea espezifikoa. Zati komunak honako atal hauek ditu: bide-segurtasunaren kulturarekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza orokorra (bederatzi ordu), talde-dinamika (lau ordu), biktima baten esku-hartzea (ordubete) eta eduki aldakorreko bi ordu. Zati espezifikoa (lau ordu) banakakoa da, eta, beraz, gidariaren gabeziarik handienak dituzten gai-arloak azpimarratzen dira. Kontuan hartuko da Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako gidari bakoitzaren profil arau-hauslea: "abiadura", "alkohola eta beste droga batzuk", "zuhurtziagabekeriazko jokabideak", "distrakzioak", “penala” edo "zuhurtziagabekeriazko jokabideak motozikletan".
Zein momentutatik aurrera egin daiteke proba teorikoa?
Iraunaldia (6 hilabete, oro har, eta 3 hilabete, gidari profesionalen kasuan) edo kondena bete ondoren, eta bideko sentsibilizazio- eta berreziketa-ikastaroa probetxuz egin dela egiaztatu ondoren.
Puntuak galtzeagatik bigarren aldiz edo jarraian indarra galtzen bada, ezingo da beste baimen edo lizentzia bat lortu 12 hilabete igaro arte, edo 6 hilabete gidari profesionalentzat.
Gidari profesionaltzat hartzen da gidatzeko administrazio-baimena duen pertsona oro, baldin eta bere lan-jarduera nagusia salgaiak edo pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailu motordunak gidatzea bada.
Besteren konturako langilea bada, hau da gidari profesional gisa akreditatzeko dokumentazioa:
- Lan-kontratua.
- Enpresaren ziurtagiria, interesdunak gidari edo banatzaile gisa enpresarentzat lan egiten duela adierazten duena.
- Enpresaren soldatapeko gisa Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioetan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren originala edo kopia erkatua ("Kotizatzeko datuen txostena – besteren konturako langileak")
Langile autonomoa bada:
- Zinpeko aitorpena, langileak gidari edo banatzaile gisa lan egiten duela adierazten duena.
- Pertsona Gizarte Segurantzan Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, EJSNren gako hauetakoren bat adierazten duena: 4931, 4932, 4939, 4941, 4942 eta 8690.
Ba al dago proba teorikoa gainditzeko eperik?
Bai, gehienez ere bi urteko epea dago ikastaroa gainditzen denetik.
Zer gertatzen da proba teorikoa gainditzen ez bada?
Pertsona batek ez badu proba teorikoa gainditzen, beste ikastaro bat egin beharko du, lau ordukoa, eta, ondoren, berriro aurkeztu beharko da azterketara.
Proba berriz gainditzen ez badu, beste ikastaro bat egin beharko du, lau ordukoa, eta berriz aztertu.
Hala ere azterketa gainditzen ez badu, hogei orduko ikastaro bat egin beharko du berriro.
Zein da puntu-saldoa baimen berria lortu ondoren?
Ematen den baimen berriak zortzi puntuko saldoa izango du.
Nola eman dezaket izena ikastaro batean?
Ikastaroa eskaintzen duen zentroarekin harremanetan jarri behar duzu izena emateko. Ikastaroak kostu bat du, eta zuzenean ordaindu beharko duzu baimendutako zentroan.

