06.-CONSEJOS - La protección-eu

Babesa

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Uhala nahitaez erabili behar da bai aurreko eserlekuetan bai atzekoetan. Zenbait erabiltzailek ez dute lotu nahi izaten ibilbide txikietan; ez dakite hildakoen eta larriki zauritutakoen kopurua erdira murriztu ahal izango litzatekeela segurtasun-uhala etengabe erabiliko balitz.

AHOLKUAK

Estatistikoki frogatuta dago auto-istripuen ondoriozko heriotza eta lesio larri asko ekiditerik bazegoela segurtasun-uhala edo kaskoa erabili izan balira.

Talka batean, aurreko eserlekuek ez dituzte babesten atzeko eserlekuetan doazenak, eta eserlekuon gainetik jaurtiki ditzake talkak. Uhala erabilita bakarrik izango dute beharrezko segurtasuna.

Uhala autoan sartu bezain azkar lotu behar dugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Helduek bezalaxe, haurrek ere badute bidaiatzerakoan segurtasun-gailuak erabiltzeko eskubidea, lesioak saihesteko istripua izanez gero. Ibilgailuetako segurtasun-sistema gehienak (uhalak, airbag-ak, buru-euskarriak...) ez daude haurrentzako pentsatuta edo diseinatuta, eta, horregatik, oso garrantzitsua da haur guztiek erabiltzea haurrak lotzeko sistema (HLS) ibilgailu batean daudenean. Horrela, % 40 gutxitzen dira, istripua izatekotan, heriotza eragiten duten lesioak, eta % 70, berriz, zauri larriak izateko arriskua.

135 cm edo gutxiago neurtzen duten adingabeek atzeko eserlekuetan bidaiatu behar dute, beti ere haien neurri eta pisura egokituta sistema homologatuekin.

Salbuespenak:

  • Ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea.
  • Atzeko eserleku guztiak okupatuta egotea, lotzeko sistema homologatuak daramatzaten adingabeekin.
  • Atzeko eserlekuetan haurrak lotzeko sistema guztiak ezin instalatu ahal izatea.

Kasu horietan, ibilgailuak aurreko airbaga badu, haurrak bizkarrez jartzeko lotze-sistemak erabil daitezke, betiere airbaga desaktibatuta.

"Hasieratik seguru" liburuska (2021)

AHOLKUAK

Hiru euskarriko segurtasun-uhalek adingabeak babesten dituzte ibilgailuaren eserlekuan eserita daudenean, belaunak eserlekuaren ertzean tolesteko nahikoa altuera dutenean, lekutik mugitu behar izan gabe.

 

Gomendagarria da aulkitxoa erabiltzea adingabeek 150 cm neurtu arte, altuera hori baita segurtasun-uhalak bere funtzioa era eraginkorrean betetzeko behar duen gutxieneko altuera.

Segurtasun-uhalaren banda diagonalak lepauztaitik igaro behar du, sorbaldaren gainetik, eta inoiz ez lepotik, eta bularrari ondo estutua egon behar du. Banda bertikala ahalik eta beheren jarri behar da, aldaken gainetik, izterren gainean eta inoiz ere ez triparen gainean. Banda diagonalak lepoa ukitzen badu edo kokotsaren azpitik pasatzen bada, seguruagoa da homologatutako aulkitxoa

erabiltzen jarraitzea. Banda diagonalak eta sabeleko bandak gorputzaren goiko eta beheko aldeei eusten diete, talka gertatzen bada edo kotxea bat-batean gelditzen bada. Banda diagonala ez da inoiz besoaren azpian edo bizkarraren atzean jarri behar.

Gogoratu behar dugu familiako ereduak imitatuz ikasten dutela haurrek lehendabiziko bizitza-urteetan. Horrenbestez, segurtasun-uhala erabili behar duzue, zuen seme-alabei ere segurtasun-gailua erabil dezaten eskatzeko. Gure ohiturak haienak izango dira.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Badira zenbait hamarkada ibilgailuek segurtasun-uhalak dituztela; segurtasun-uhalaren erabilera nahitaezkoa da. Talka gertatuz gero segurtasun-uhalaren eginkizuna osatze aldera, teknologiak aire-poltsa sortu du, talka gertatu eta ehunen gutxitara nitrogenoz puzten den kuxina. Aire-poltsak gidariaren eta lagunaren burua babesten du.

 

AHOLKUAK

Segurtasun-elementuei esker (besteak beste, aurreko nahiz alboko aire-poltsa, aurreko eta atzeko segurtasun-uhalak eta, motorrei dagokienez, kaskoak), azken urteotan ezbehar-kopurua ikaragarri murriztu da.

 

Segurtasun-dispositibo modernoak pixkanaka-pixkanaka ezarri dira kategoria guztietako ibilgailuetan. Auto berria erosterakoan, oso kontuan izan behar da mota horretako dispositiboak ba ote dituen.

Hala ere, aire-poltsa sortu zenetik egin diren azterlanek adierazten dutenari jarraiki, segurtasun handiagoa antzemateak dagoeneko gaindituta genituen arrisku-jokabideetara itzultzea eragin dezake. Gure segurtasunari dagokionez lasaikerian erortzea ekidin behar dugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Gidatzerakoan jarrera txarra izanez gero, muskuluak zurrundu egiten dira eta bizkarreko mina sortzen da. Horregatik, oso garrantzitsua da eserlekuen posizioa graduatzea, bai eserlekua bera bai eserleku-bizkarrarena, besoek eta hankek eroso jardun dezaten; gustura gidatzeko, bolantearen altuera moldaerraza izatea ere komeni da.

 

AHOLKUAK

Oro har, esperientziarik gabeko gidariek jarrera desegokia hartzen dute gidatzerakoan: eserlekua oso aurrean jartzen dute eta eserleku-bizkarra ia-ia bertikalean. Modu horretan ahokatuta gidatzea ez da jarrera egokia.

 

Eserleku-bizkarra atzerantz okertu behar da apur bat, bihurguneetan eutsi gaitzan. Besoak angeluan jarri behar dira, bolantea hobeto maneiatu ahal izateko.

Autoa erosterakoan, komeni da zenbait abantaila ba ote dituen egiaztatzea, besteak beste, eserleku doigarriak, altueran erregulatzen diren bolantea eta segurtasun-uhalak, e.a. Azken finean, lasaiago eta, beraz, seguruago bidaiatzen laguntzen duten elementuak dira.