Gidarien erreakzionatzeko denbora
Sendagaiak eta gidatzea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Gaixotasun espezifikoei aurre egiteko eraginkorrak diren sendagai gehienek ondorio kaltegarriak dituzte gidatzeari dagokionez. Botikak bost istriputatik batean aurki daitezke. Zenbait substantziak euforia-sentsazioa sortzen dute; beste batzuek, ordea, erreakzionatzeko gaitasuna murrizten dute. Ia gehienek erantzun fisiko eta psikiko susmagaitzak eragiten dituzte.
AHOLKUAK
Etxean egindako sendagaiek edo sendagai naturistek ere, itxuraz kalterik egiten ez duten arren, istripuak eragin ditzaketen nahaste fisikoak sor ditzakete.
Botikak hartu behar izanez gero eta gidatu, galde iezaiozu medikuari edo botikariari sendagai horrek ba ote duen eraginik gidatzeko gaitasunean.
Gidatu behar izanez gero, zuhur jokatu behar da honako sendagai hauekin: analgesikoekin, somniferoekin, tentsioa eta sukarra jaisteko sendagaiekin, espasmoaren kontrako sendagaiekin, alergien eta gripearen aurkako botikekin, zorabioaren kontrako prestakinekin eta, bereziki, psikofarmakoekin.
Adi gidatzerakoan
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Gidaria da ibilgailuaren arduraduna eta ezin du bere zeregina arriskuan jar dezakeen ezertxorekin ere arreta galdu. Horregatik, honakoak egitea ekidin behar du: irratia sintonizatzea, mapak kontsultatzea, erretzea, telefonoa erabiltzea, betaurrekoak garbitzea, musika oso altu jarrita izatea, testuak diktatzea, paisaiari begira geratzea, edo bere garbitasunaz eta itxuraz arduratzea.
AHOLKUAK
Orain dela gutxiko azterlanen arabera, telefono mugikorra eskuekin helduta izatea gidatzen den bitartean gidariak lukeen arrisku-maila, mozkorra dagoen gidariak izango lukeenaren antzekoa da.
Gero eta istripu gehiago dira distrakzioen ondorio. Adibide gisa, 120 km/h-ra doan ibilgailuko gidariak hiru segundoz galtzen badu arreta, ibilgailua ehun metrotan zehar kontrolik gabe ibiliko litzateke.
Gero eta gidari gehiagok erabiltzen dituzte entzungailuak musika entzuteko. Nolanahi ere, erabat debekatuta dago, horrela gidariak ezin baititzake soinuak entzun (klaxonak, sirenak, edo trafiko-agenteen soinu-adierazpenak), eta horiek segurtasunerako hil edo bizikoak dira.
Gauez ikustea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Gaua iristean errepidean dabiltzanei bi ezinegon sortzen zaizkie: ikustearena eta ikusia izatearena. Lehenengoa konpondu ahal izateko, erabakigarria da gidariak ikusmena ondo izatea, ibilgailuaren argiak ondo egotea eta bertan dauden laguntza-seinaleei jaramon egitea. Bigarrena konpontzeko, oinezkoek eta txirrindulariek osagarri islatzaileak eta kolore argiko arropa izan behar dute.
AHOLKUAK
Ilunabar aldera, argi naturala ahultzen hasten denetik, gidarien ardura nagusia ikustearena eta ikusiak izatearena izan behar du.
Ibilgailuen argiak oso garrantzitsuak dira gauez eta ikuspen urriko baldintzetan. Hori dela-eta, ezinbestekoa da tailerreko teknikari batek aldian-aldian edo berrikuspen-kanpainetan, argiak doitzea.
Gidariren batek arazoak baditu objektuak argi eta garbi bereizteko edo beste ibilgailuen argiek min ematen badiote, bere eta besteen segurtasunagatik, mediku okulistarengana joan beharko luke ikusmena begira diezaion.
Motorrean, ziklomotorrean, bizikletan edo oinez bagoaz errepidearen ertzetik, dagozkion argiak eramateaz gain, komenigarria da ikusteko moduko arropak eramatea; oinezkoei dagokienez, islatzaileak ere erabiliko dira.
Bestalde, betaurrekoak behar dituzten gidariek islen aurkakoak erabiliko dituzte eta motoristek kontu handia izango dute kaskoaren pantailarekin.
Gidatzerakoan nekea ekiditea
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Autoz egiten diren desplazamenduek higadura fisikorik eragiten ez dutela dirudi; horregatik dira hain ohikoak. Baina uste hori engainagarria da: denbora luzez gidatzen emanez gero, muskuluak eta artikulazioak mindu egiten dira eta kontzentrazioa eta erreflexuak galtzen dira. Arazo horiek arintzeko, komeni da zenbait ariketa egitea atseden hartzeko egiten diren geldialdietan.
AHOLKUAK
Ez da ona autoa gehiegi erabiltzea. Edozein desplazamendu egiteko autoa hartzera ohitu gara, desplazamendu hori txikia izan arren, eta hori gure osasunarentzat kaltegarria da. Komeni da ibilbide txikiak beti oinez edo bizikletan egitea.
Denbora luzez gidatzen egonez gero, muskuluetan uzkurdurak sor daitezke eta artikulazioetan, berriz, mina; halaber, kontzentrazioa eta erreflexuak galtzen dira. Horregatik, komeni da maiz deskantsatzea gauez gidatzen denean.
Atsedenaldietan, komeni da gimnasia-ariketa txikiak egitea sorgortutako muskuluak biguntzeko eta pixka bat lasaitzeko berriz ere gidatzen hasi aurretik.
Alkoholemia
KONTUAN HARTU BEHARREKOA...
Ibilgailua gidatu behar duenak ez du alkoholdun edaririk edango. Alkohola da hildakoak eragiten dituzten istripuen erdiaren erruduna, eta zaurituak eragiten dituzten istripuen herenaren erantzulea. Zirkulazioko Araudiak, oro har, debekatu egiten du odol litroko 0,5 gramo alkohol baino gehiagoko tasekin gidatzea (alegia, 0,25 miligramo alkohol putz egindako aire-litro bakoitzeko).
AHOLKUAK
Gauez, alkoholak eragin handiagoa du eta motelago desagertzen da. Horregatik, normala da goizaldean alkoholemia-kontrola egiten duten gidari askok positibo ematea aurreko gauean edandako alkoholaren eraginez.
Gidariak ezin du alkoholik edan. Kopa bakar batek arriskua ikusteko gaitasuna mugatu dezake eta bigarren kopa hartuz gero, gure gorputzaren tamaina aintzat hartuta, gidatzeko ahalmena erabat deuseztatu dezake.
18 urtetik beherakoek eta 65 urtetik gorakoek defentsa organiko gutxiago dituzte alkoholaren aurrean. Bestalde, asko jateak, alkohola odolera iristea atzeratu egiten duen arren, ez du ekiditen azkenean alkoholak ondorioren bat izatea.