Bizikidetza, prebentzioa eta laguntza

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Ia gidari guztiek izan dute inoiz talka edo kolpe arinen bat autoarekin. Halakoetan, ez da harritzekoa istripuaren eragileak alde egitea eta ondasun pribatu edo publikoetan eragindako kalteen berri ez ematea. Kasu horietan, kalteen azaleko ebaluazioa egin behar da eta kaltetutako aldeari gorabeheraz ohartarazi behar zaio.

AHOLKUAK

Egunero bide publikoko elementuen aurka (seinaleak, hesiak, posteak, e.a.) talka egiteagatik eragiten diren kalteek, bide-segurtasunerako arriskua ekartzeaz gain, guztion artean ordaindu beharreko milioi askoko inbertsioa egitea ere badakarte.

Aparkatuta dagoen ibilgailu batean kalte txikiren bat eragiten duten gidariak oharra utzi behar du eta bertan bere datuak, ibilgailuarena, istripuaren ordua eta nola gertatu den adierazi behar ditu. Ondoren, bere aseguru-konpainiari jakinarazi behar dio.

Bide publikoko seinale edo bestelako elementuren bat kaltetzen denean, Ertzaintzari eta aseguru-konpainiari jakinarazi behar zaio.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Errepidean trafikoko istripua ikusten badugu, geratu egin behar dugu. Ibilgailua leku seguruan utzi behar dugu eta istripua izan den lekuan seinaleren bat jarri, talkarik izan ez dadin. Ondoren, istripua izan dutenen egoera ezagutu behar dugu. Larrialdi-zerbitzuetara hots egingo dugu telefonoz eta istripua gertatu den lekua eta zaurituen eta ibilgailuen egoera deskribatuko diegu.

AHOLKUAK

112 SOS DEIAK zerbitzura deitzen dugunean istripu baten berri emateko, zehatzak izan behar dugu, horren baitan egon baitaiteke hainbat pertsonen bizia. Istripua gertatu den lekua eta tartean diren zauritu eta ibilgailuen kopurua adierazi behar duzu eta zehatz erantzun operadorearen galderei.

Jendea oro har urrundu egiten da istripua ikusiz gero. Presa dutela, zer egin ez dakitela edo, besterik gabe, eurei ez dagokiela esaten dute. Hala ere, legeak zigortu egiten ditu horrelako jokabide antisozialak.

112 SOS DEIAK zerbitzura edo beste zerbitzu batzuetara deitzeko hainbat bide daude; adibidez, telefonoa erabiliz gero, mugikorra edo finkoa izan daiteke, SOS zutoinetan egoten dena, edo taxi bateko irrati-telefonoa. 112 SOS DEIAK zerbitzura egiten diren deiak doakoak dira.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Segurtasun pasiboan aurrerapen ugari egon diren arren (aire-poltsa, karrozeria deformagarriak, e.a.), aurrez aurreko talkek aurrerapen teknikoen bertuteak gainditzen dituzte. Halako egoera baten aurrean, aukerarik onena errepidetik irtetea da; zirt edo zart egin behar da eta, arriskurik baduen arren, aukerarik egokiena da.

AHOLKUAK

Normalean, nahiago izaten da oztopoa ekiditea, abiadura handian bere aurka talka egitea baino. Zanga batean erortzeak edo mendi-hegalean behera joateak askoz ere arrisku gutxiago du zuhaitzaren aurka talka egiteak baino.

Eta gauza bera gertatzen da autobideetan ere. Muga-egoera batean, itzulipurdiak egiteko arriskua izango dugun arren, segurtasun-uhala lotuta badugu, bizirik ateratzeko aukera gehiago dugu abiadura handian oztopoaren aurka talka egiten badugu baino.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Batzuetan, autoak ibai, zingira edota itsasora erortzen dira. Halakoak oso arriskutsuak dira autoan doazenentzat. Lasaitasunez erreakzionatu behar dute. Segurtasun-uhala askatu ondoren, bidaia-lekua urez beteta egon arte itxaron behar dugu; kanpoko eta barruko presioen arteko orekari esker, ateak ireki eta azalera irten ahal izango dugu.

AHOLKUAK

Autoan goazela uretara erori eta une batez ur gainean geratzen bagara, segurtasun-uhala askatu, leihoak ireki eta ahalik eta azkarren atera behar dugu, ibilgailua urperatzen hasi aurretik.

Autoa berehala urperatu bada, lasaitasunez jokatu behar dugu eta bidaiari-lekua ia erabat urez beteta geratu arte itxaron. Orduan, ateak irekiko ditugu eta horietatik igerian atera ahalik eta arinen.

Ibilgailuren batean goazela uretara erortzea ez da batere samurra, baina bizirik atera gaitezke lasai eta behar bezala jokatzen badugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Haurrak behatzaile finak dira oso eta askotan helduen portaerak imitatu ohi dituzte, baina ez dute gaitasun nahikoa zuzena zer den zehazteko. Autoan gure alboan doazenean kontuan izan behar dugu haurren gaitasun hori eta, beraz, beti atseginak ez diren trafikoko egoera horietan nola jokatzen dugun eta zer esaten dugun erne ibili behar dugu.

AHOLKUAK

Gure seme-alabak autoan daramatzagunean, gure portaera imitatu egin dezaketela ohartu behar dugu.

Haurrek argi eta garbi antzematen dituzte espresio itsusiak, keinuak eta, oro har, gizalegezkoak ez diren portaerak; barneratu egiten dituzte eta, ondoren, euren portaera-arauetara moldatzen dituzte.

Gurasoek istripu bat ikusi eta laguntzera gelditu nahi ez badu, edo beste auto baten kontra talka egin eta ihes egiten badu, haurrak jokabide antisozial horiek onargarritzat hartuko ditu eta halaxe jokatuko du berak ere heldua izatean.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Bide batetik doan ibilgailu-kopurua bideak har dezakeena baino handiagoa denean, galtzada obretan dagoenean edo autoak gaizki aparkatuta badaude, auto-ilarak sortzen dira. Ibilbide luzeetan horrelako egoerak jasangarriagoak egite aldera, komeni da edari freskagarriak edukitzea, erregai-ontzia beteta eramatea eta, batez ere, pazientzia izatea.

AHOLKUAK

Bidaian goazenean eta auto-ilararen batekin edo trafiko mantsotuko egoeraren batekin topo egin badezakegu, aurreikuspenarekin jokatu beharko dugu eta behar adina erregaiz hornitu.

Autoan haurrak daramatzagunean eta auto-ilararen batekin topo eginez gero, jolas eta denbora-pasa egokien bidez entretenitu behar ditugu. Nekatu ez daitezen ahaleginduko gara, bestela, beraien portaerak urduri jar baikaitzake.

Batez ere beroa ari duenean, garrantzitsua da ura edo freskagarriak eskura izatea; edari horiek hozkailu txiki batean gorde daitezke eta horrela, hobeto egin ahal izango diegu aurre iraupen luzeko bidaiei.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Aurrerapen teknologikoak trafikoaren eremura ere heldu dira: hiri handien inguruan dagoen ibilgailu-fluxua erregulatzeko kontrol-zentroak; abiadurarekin erlazionatutako lege-urratzeak detektatzeko radarrak, laguntza eskatzeko telefono-zutoinak eta gidariei argibideak emateko informazio aldakorreko panelak.

AHOLKUAK

Trafikoaren egoera kontrolatzeko bitarteko teknikoek bilakaera nabarmena izan dute. Gaur egun, kontrol-zentro modernoek erregulatzen dute Europako errepide nagusietako trafikoa, batez ere hiri handietarako sarbide guztietan.

Kontrol-zentroetan, telebista-kamerak, radarrak, SOS laguntza-zutoinak, sistema optiko sofistikatuak dituzten helikopteroak, seinale aldagarriak dituzten panelak, e.a. erabiltzen dira zirkulazioa hobetzeko.

Zenbait gidarirentzat, oker ez jokatzeko arrazoi bakarra salaketarik jaso nahi eza da. Hala ere, gehienak gero eta gehiago ohartzen dira zuzen jokatzea gidari guztien betebehar soziala dela.