03.-CONSEJOS-Conducción de vehículos de 4 ruedas-eu

Lau gurpileko ibilgailuak gidatze

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Abiadura desegokian gidatzea da arrisku-faktore handienetako bat trafikoan. Abiadura gehitu ahala, gidariak ibilgailua kontrolatu eta geratzeko duen gaitasuna murrizten joaten da. Adibidez, 100 km/h baino gehiagora doan ibilgailuak, galtzada lehorra egonda eta baldintza onak izanda ere, ehun metro baino gehiago beharko lituzke arrisku-egoeraren batean erabat gelditzeko.

AHOLKUAK

Beti errespetatu behar dira abiadura-mugak eta gogoan izan behar dugu, gainera, muga horiek gidatzeko baldintzak aproposak direnerako ezarrita daudela. Eguraldi txarra, euria, haizea, elurra... dagoenean, edo zirkulazio handia dagoenean, are gehiago murriztu behar dugu abiadura eta errepidearen eta zirkulazioaren egoerara moldatuko dugu beti.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Gidatzerakoan desegoki jokatzeak istripuak eragiten ditu. Estatistiken arabera, normalean, nolakoa izan gidatzerakoan egiten dugun oker-mota, halakoa izango da izan dezakegun istripua. Adibidez, gidatzerakoan arreta galtzeak eragin ohi ditu ibilgailuen arteko talkak eta harrapatzeak; bestalde, gehiegizko abiadura eta gidarien esperientzia eza izaten dira galtzadatik irtetearen eta iraultzearen arrazoi nagusiak.

AHOLKUAK

Hortaz, saia gaitezen jokabide desegoki horiek ekiditen, horrela, istripuak ez gertatzeko bitartekoak jarriko ditugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Hainbat erreitako bideetan, eskuinetik gidatu behar da. Ezkerrekoa aurreratzeko erabiliko da eta, beraz, bertan ematen den denbora aurreratzeko behar dena baino ez da izango. Komeni da atzera ispiluak maiz begiratzea, baita gainerako ibilgailuek daramaten abiadura ere, bat-bateko maniobrak ekiditeko.

AHOLKUAK

Noranzko bakoitzean hainbat errei dituen errepideak ez du zergatik bide lasterra izan behar. Batzuetan, zirkulazio askoko errepidea izaten da eta bertatik astiro zirkulatu behar da.

Autobidean, eskuinetik gertuen dagoen erreitik zirkulatu behar da eta gainerakoak aurreratzeko erabiliko dira.

Autobidetik irteteko dezelerazio erreia hartzen dugunean, ez ditugu aurreratu behar autobidetik bertatik doazen ibilgailuak.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Mota horretako bideetarako sarrera eta irteerek zalantzan jartzen dute autobide eta autobiek duten seguru fama, sarrera irteerotan istripu ugari gertatzen baitira. Sartzeko, azelerazio-erreia erabili behar da, trafikoaren abiadurara heldu arte. Irteteko maniobra, berriz, aurreikusi egin behar da eta behar bezala seinaleztatu; abiadura murrizteko, dezelerazio erreia erabiliko da.

AHOLKUAK

Behin matxura konponduta, ibilgailua berriz ere autobidean sartu ahal izateko, bazterbidetik azeleratzen joan behar dugu, gainerako ibilgailuen abiadurara heldu arte, eta pixkanaka-pixkanaka galtzadan sartzen joan.

Autobidetik ateratzeko asmotan bagara, behar adina denbora lehenago aurreikusiko dugu maniobra eta eskuineko erreitik joango gara. Horrela, autobidetik doazen beste ibilgailu batzuei ez diegu bidea oztopatuko.

Autobideak oso errepide seguruak dira. Hala ere, gero eta ohikoagoa da elkarren segidan gertatzen diren istripu larriak eta handiak ikustea; horietatik gehienak abiadura eta segurtasun-tartea zirkulazioaren eta bidearen egoerara egokitzen ez direlako gertatzen dira. Eguraldi txarra dagoenean edo trafiko ugari, astiro joan eta handitu segurtasun-tartea.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Hainbat erreiko autobideek eta autopistek seguruak izatearen fama dute. Hala ere, badira hor ere istripu larriak, askotan arauz kontrako errei-aldaketak egitearen ondorio. Horregatik, ondoko erreira igaro aurretik, gidariak atzera ispiluei begiratu behar die, atzera begiratu behar du angelu hilak kontrolatzeko eta maniobra keinu-argiaren bidez adierazi behar du.

AHOLKUAK

Aurreratzen hasi aurretik, kontu handiz ibili beti; lehendabizi, begiratu atzera ispilutik, begira atzera beste ibilgailuren bat aurreratzen ez dela ari bermatzeko, eta maniobra hasi baino lehen keinu-argiaren bidez adierazi.

Azelerazio-erreitik autobidera sartzean, bertatik doazenen abiadurara moldatu behar da. Espazio librerik ikusten ez baduzu, ez ezazu bat-batean balaztatu, atzetik datozenek ez baitute zertan maniobra hori aurreikusi behar.

Bai autobideetan baita beste mota batzuetako errepideetan ere, aurreratzen hasi aurretik gure ibilgailuaren ahalmena zein den gogoan izan behar dugu.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Aurreratzea maiz egiten den maniobra da, baina baita arriskutsua ere, eta horregatik gertatzen dira hainbeste istripu. Behar-beharrezkoa denean baino ez da aurreratuko eta, horren aurretik, trafikoaren egoera, bidearen ezaugarriak, ibilgailuen arteko tarteak eta horiek guztiek daramaten abiadura.

AHOLKUAK

Segurtasunez aurreratzeko, ondo aztertu behar dira trafikoaren egoera, ibilgailuen arteko tarteak, zirkulazioan duten ibilgailuak eta gure ibilgailuaren azelerazio-ahalmena.

Aurreratzen dugunean, kalkulatzeko zaila den datua kontrako noranzkoan datozen autoen abiadura da. Badaezpada, abiadura handian datozela pentsatuko dugu beti.

Nolanahi ere, behar-beharrezkoa denean bakarrik aurreratu. Pentsatu askotan ez duela merezi maniobra horrek dakarren arriskurik hartzea, ondoren, guztiok, hurrengo semaforoan ikusiko baitugu elkar.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Garrantzi gehien duten herriz kanpoko bideek bazterbidea dute galtzadaren kanpoko aldean; bazterbidea eta zirkulazio-erreia luzetarako lerroak bereizten ditu. Bazterbide hori oinezkoek, txirrindulariek eta larrialditarako ibilgailuek erabiltzeko da eta, beraz, ezingo du beste inork erabili, ezta atseden hartzera geratzeko ere.

AHOLKUAK

Gidari askok, istripua edo matxura izan ondoren, piezak edo arrastoak uzten dituzte bazterbidean. Baina bazterbidea ere errepidearen zati bat da eta, horregatik, beti egoera onean mantentzen saiatu behar dugu.

Bazterbidetik doan txirrindularia aurreratzen dugunean, arauzko segurtasun-tartea utzi behar dugu berarekiko; alegia, metro eta erdi. Ezinezkoa bada, orduan ez dugu aurreratuko.

Bazterbideak beste herrialde batzuetan duen erabilerak ez du zerikusirik hemengoarekin. Horregatik, atzerrian autoz gabiltzanean, gogoan izan behar dugu bazterbidetik kamioiak eta ibilgailu motelak ibil daitezkeela.

KONTUAN HARTU BEHARREKOA...

Hasiera batean garrantzirik ez dutela diruditen zenbait portaerak, praktikan, trafiko-arazo nabarmenak sor ditzakete eta arau-hauste larri bihur daitezke. Halakoxeak ditugu, besteak beste, bigarren ilaran aparkatzea, ibilgailuaren barruan musika oso altu jarrita eramatea, eskuineko erreitik ez joatea errei bat baino gehiagoko errepideetan; txirrindulariei dagokienez, espaloitik edo oinezkoentzako bideetatik joatea; eta oinezkoei dagokienez, semaforoa gorri dagoenean kalea gurutzatzea.

AHOLKUAK

Trafikoan, itxuraz garrantzirik ez duten portaerak arau-hauste larri bihur daitezke. Adibidez: inoiz ez dugu semaforoa pasako, bidegurutzearen erdian gelditu eta bidea oztopatuko dugula ikusten badugu.

Bada beste portaera oso arriskutsu bat ere: hiriguneetan arin zirkulatzea, edozein unetan galtzadan saihestu ezingo dugun oinezkoren bat ager daitekeela aurreikusi gabe.

Askotan ikusi ditugu, baita ere, oinezkoak zebrabideak gorriz igarotzen; gainera, ez dira konturatzen haurrek ikusten dituztela eta horiengan eragin negatiboa duela, eredu txarra ematen ari baitzaie.