- Irabazi asmorik gabeko erakundeak 2026ko Innovabide Aintzatespena jaso du, laneko bide-segurtasunarekin duen konpromisoagatik, Innovabide sarean aktiboki parte hartzeagatik eta Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Itunari atxikitzeagatik
- Eusko Jaurlaritzak 2017an bultzatuta, Innovabide Sareak hainbat sektore eta tamainatako 76 enpresa eta erakunde biltzen ditu gaur egun
Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2026ko Innovabide Aintzatespena eman dio gaur Lantegi Batuak irabazi-asmorik gabeko erakundeari, laneko bide-segurtasunaren arloan duen konpromisoagatik eta jardunbide egokiengatik, Innovabide sarean duen inplikazioagatik eta Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunari atxikitzeagatik. Sari hau Innovabide Sarearen VII. Aintzatespen eta Topaketaren esparruan eman da, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Txurdinagan (Bilbo).
Innovabide Eusko Jaurlaritzak 2017an sortutako Euskal Enpresen Sarea da. Sare hori, euskal enpresako mugikortasun seguruari eta bide-segurtasunari lotuta Trafiko Zuzendaritzak indarrean duen ekimenetako bat da, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren 2020-2025 Plan Orokorrarekin bat datorrena. Gaur egun, Innovabidek kudeaketa aurreratutik bide-segurtasunarekin konprometituta dauden 76 erakunde biltzen ditu.
Topaketan, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak azpimarratu du garrantzitsua dela laneko bide-segurtasuna erakundeen kulturan integratzea. "Funtsezkoa da bide-segurtasuna gure lan egiteko moduaren parte izatea. Ez dugu ulertu behar betebehar gehigarri gisa, baizik eta kudeaketan eta egunero hartzen ditugun erabakietan presente egon behar duen konpromiso gisa", adierazi du. Olabarrik Innovabide osatzen duten erakundeen arteko lankidetzaren eta esperientzia-trukearen balioa ere azpimarratu du: "Innovabide kezka bera duten enpresen talde bat baino askoz gehiago da. Sare bat da, erakunde batzuen esperientzia beste batzuentzat lagungarri den espazio bat. Eta, bide-segurtasunean, ezagutza partekatzea bizitzak salbatzeko modu bat ere bada ".
Jardunaldian Innovabide Sarea osatzen duten erakundeetako ordezkariak bildu dira, eta lan-eremuan bide-segurtasuna hobetzeko konpromisoari balioa emateko eta ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzeko balio izan du. Gainera, bertaratutakoek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren instalazioetara bisita gidatua egiteko aukera izan dute, zentroaren funtzionamendua eta trafikoa kudeatzeko eta euskal bide-sarean bide-segurtasuna zaintzeko egiten den lana zuzenean ezagutzeko.
Lantegi Batuak-en aintzatespenaz gain, Trafikoko zuzendariak atxikimendu-ziurtagiria eman dizkie aurten Innovabide Sarean sartu diren lau erakunde berriei: Gamesa Gearbox, S.A.U.; Gamesa Induction, S.L.; Energiaren Euskal Erakundea (EEE); eta ISEI, Ingeniería, Seguridad e Imagen. Lau empresa hauen atxikimenduarekin, sareak handitzen eta laneko bide-segurtasunarekin konprometitutako erakundeen arteko lankidetza indartzen jarraitzen du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)

