Joan edukira
Twitter
YouTube
eu

    Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren zaintza indartuko du

    Argitalpen-data: 

    0324_TRAFICO_ERTZAINTZA_erredehierro_14114.jpg
    • Azaroaren 9tik 13ra bitartean, adingabeen ikastetxeetarako garraioaren kontrola areagotuko da
    • Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako seinaleztapena eta laguntzailearen presentzia egiaztatuko dituzte

    Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, Euskadiko eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu azaroaren 9tik 13ra bitartean, adingabeen bide-segurtasuna zaintzeko.

    Alde batetik, garraio horrek administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta abarri buruzko legeria betetzen duela egiaztatuko da. Eta bestetik, adingabeek, gidariak eta laguntzaileak uhala erabiltzen dutela ere egiaztatuko da. Eta horrez gainera, ikasleen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia.

    Errefortzu-kanpaina hau, trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatutako 33 kanpainen egutegiaren barruan kokatzen da. Iaz, kanpaina horien barruan, Ertzaintzak eskola-garraioarekin lotuta 36 kontrol egin zituen, eta guztira 295 ibilgailu ikuskatu zituen. Horietatik 26 (%8,8) arau-hausteren bat egiteagatik salatu ziren.

    Adingabeak bide-segurtasunaren arloko kolektibo kalteberenetako bat dira, eta, beraz, babes berezia behar dute. Eskola-garraioaren kontrolak indartzeak kolektibo horri eragin diezaioketen istripuak prebenitzen laguntzen du.

    Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpo ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura.

    Ahal izanez gero, kontrolak ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iritsi eta ikasleak jaitsi ondoren.

    Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)