Joan edukira
Twitter
YouTube
eu

    Estibaliz Olabarri: "Bide-segurtasuna bizikidetza, errespetu eta konpromiso kolektibo kontua da"

    Argitalpen-data: 

    20261115_Trafiko_Istripuen_Biktimak_Oroitzeko_Eguna.jpg
    • Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak errepidean arduratsuak izateko deia egin du Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Egunean
    • Urtea hasi zenetik, 29 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan (10 Araban, 6 Bizkaian eta 13 Gipuzkoan)

    Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak trafiko-istripuen biktimen omenez gaur Donostian egin den ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia Stop Bide Indarkeria Euskadi elkarteak antolatu du, Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta. Zuzendariarekin batera ekitaldian izan dira, besteak beste, Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak eta trafiko-istripuen biktimen familiartekoak.

    2026 urte honetan, orain arte, 29 pertsona hil dira Euskadiko kale eta errepideetan izandako trafiko-istripuetan (10 Araban, 6 Bizkaian eta 13 Gipuzkoan). 2025eko aldi berean, berriz, 36 pertsona hil ziren (14 Araban, 8 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan).

    Olabarriren esanetan: "Gurekin dagoeneko ez daudenak ohoratzeko modurik onena oraindik gurekin daudenak babestea da. Haren oroitzapena ez dadila soilik iraganaren memoria izan, etorkizunarekiko konpromisoa baizik. Izan ere, bide-segurtasuna bizikidetza, errespetu eta konpromiso kolektibo kontua da". Trafikoko zuzendariak azpimarratu duenez, "badirudi onartu dugula trafiko-istripuak saihestezinak direla, hau da, joan-etorriak egiteagatik, lan egiteagatik, bidaiatzeagatik edo mugimenduan dagoen gizarte batean bizitzeagatik ordaindu beharreko prezioa dela. Eta ideia hori burutik kendu behar dugu. Ezin dugu saihestezintzat hartu prebenitzeko ardura daukaguna". Eta gogoratu du Eusko Jaurlaritza "Zero Biktima" ikuspegiarekin ari dela lanean, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunan eta Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun segururako eta Jasangarrirako 2021-2025 Plan Estrategikoan hartutako konpromisoen esparruan.

    Trafiko Istripuen Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna urtero ospatzen da, azaroaren hirugarren igandean, 2005etik, NBEk gobernuei efemeride hori oroitzeko eskatu zienean, gizartea kontzientziatzeko.

    Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)