Joan edukira
Twitter
YouTube
eu

    Ertzaintzak gogorarazi nahi du derrigorrezkoa dela V16 baliza erabiltzea

    Argitalpen-data: 

    IMG_0089.JPG
    • Aurreseinale sistema hau ez erabiltzea arau-hauste arina da, eta 80 euroko isuna dakar
    • Segurtasun Sailak ohartarazi du patinete elektrikoek nahitaezko aseguru bat izan behar dutela urtarrilaren 26tik

    Segurtasun Sailak gogorarazi nahi du joan den urtarrilaren 1etik derrigorrezkoa dela V16 balizak erabiltzea. Neurri berri hori abian jarri zenetik, Ertzaintza informazioa ematen eta lan pedagogikoa egiten aritu da gidarien artean, neurri horren berri emateko. Informazio-fase horren ondoren, Ertzaintza aste honetatik aurrera hasiko da V16 baliza erabiltzeko betebeharra ez betetzearekin lotutako arau-hausteak zigortzen.

    Baliza ez edukitzea edo ez erabiltzea arau-hauste arina da, eta 80 euroko zigorra dakar. Zigor hori aurreseinaleko triangeluak ez zeramatzaten edo erabiltzen ez zituzten gidarientzat ezartzen zen bera da.

    Joan den urtarrilaren 1etik, nahitaezkoa da V16 arriskuaren aurreseinalea aktibatzea matxurak edo istripuak seinaleztatzeko ibilgailua bidean geldituta dagoenean. Data horretatik, V16 baliza Euskadin eta Estatuko gainerako lurraldeetan arriskua seinaleztatzeko baimendutako gailu bakarra da, eta larrialdietako triangeluak ordezkatu ditu.

    Mugikortasun Pertsonaleko ibilgailuak

    Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gogorarazi duenez, joan den astelehenetik, urtarrilaren 26tik, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuek, patinete elektrikoak barne, 25 kilogramotik gorako pisua badute eta 14 km/h-tik gorako abiadurak izan baditzakete, erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute nahitaez, 5/2025 Legean ezarritakoaren arabera.

    Betebehar hori ez betetzeak 300 euroko isuna dakar patinetea zirkulazioan dagoenean, eta 200 eurokoa ez dagoenean.

    Neurri horretatik kanpo geratzen dira, oraingoz, ibilgailu pertsonal arinak, hau da, gehienez ere 6 eta 25 km/h arteko abiadura hartzen dutenak 25 kilotik beherakoa denean, edo 6 eta 14 km/h artekoa, pisu hori gainditzen badute. Ibilgailu horiek ez dute asegururik izan beharko, harik eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erregistroa behar bezala araututa eta operatibo egon arte eta inskripzioa egin ahal izan arte.

    Matrikulak

    Halaber, ohartarazten da derigorrezkoa dela matrikula homologatuekin zirkulatzea, hau da, zeinu, apaingarri edo arauz kanpoko beste karaktere batzuk ez dituzten plakekin. Matrikuletan itsasgarriak edo baimendu gabeko beste elementu batzuk egotea arau-hauste larria da, eta 200 euroko isuna ezarri daiteke.

    Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)