Joan edukira
Twitter
YouTube
eu

    Bingen Zupiria: "Mugikortasuna funtsezko elementua da garapen ekonomikorako, lurralde-kohesiorako eta herritarren bizi-kalitaterako"

    Argitalpen-data: 

    Bingen Zupiria: "Mugikortasuna funtsezko elementua da garapen ekonomikorako, lurralde-kohesiorako eta herritarren bizi-kalitaterako"
    • Gaur, Trafikoko eta Bide-segurtasuneko Jardunaldi Profesionalaren edizio berri bat egin da Santurtzin, "Datuak, teknologia eta pertsonak: mugikortasun seguruaren gakoa" izenburupean
    • Berrikuntza teknologikoak, adimen artifizialak edo datuen analisiak trafikoaren eta bide-segurtasunaren kudeaketaren hobekuntzan duten eragina bezalako gaiak jorratu dira bertan

    Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak Trafikoko eta Bide-segurtasuneko Jardunaldi Profesionalaren edizio berri bat inauguratu du gaur goizean Santurtziko Palacio de Oriol hotelean, "Datuak, teknologia eta pertsonak: mugikortasun seguruaren gakoa" izenburupean.

    Jardunaldiak sektoreko profesionalak eta espezialistak bildu ditu, ezagutzak trukatzeko eta mugikortasuna eta bide-segurtasuna hobetzeko proiektu berriak ezagutarazteko. Besteak beste, honako alderdi hauek jorratu dira: azpiegituren, ibilgailuen eta trafikoaren arteko konexioa; datuek duten balioa erabaki hobeak hartzeko; eta giza faktorea bide-segurtasunaren ardatz gisa.

    Zupiriak nabarmendu duenez: "Mugikortasuna ez da azpiegituren edo teknologia aurreratua duten ibilgailuen kontua bakarrik. Askoz gehiago da. Mugikortasuna funtsezko elementua da garapen ekonomikorako, lurralde-kohesiorako eta herritarren bizi-kalitaterako". Bingen Zupiriaren esanetan, "inoiz baino tresna, informazio eta gaitasun teknologiko gehiago ditugu, baina aurrerapauso horiek guztiak herritarrentzat benetako hobekuntza bihurtzeko ardura ere badugu. Horixe da, hain zuzen ere, erronka nagusienetako bat: arazoei aurrea hartzea, arriskuak identifikatzea eta erabaki eraginkorrak hartzea”. Bingen Zupiria sailburuak gaineratu duenez "mugikortasun adimenduna ez da eraginkortasun edo erosotasun kontua soilik, segurtasun integraleko politika publikoa baizik. Datuetan, teknologian eta pertsonetan oinarritutako mugikortasunak aukera ematen du arriskuak aurreikusteko, bizitzak babesteko eta herritarren autobabeserako gaitasuna indartzeko ".

    ZORTZI HIZLARI

    Aurtengo Trafikoko eta Bide Segurtasuneko Jardunaldi Profesionalak, "Datuak, teknologia eta pertsonak: mugikortasun seguruaren gakoa" izenburupean egin denak, berrikuntza teknologikoak, adimen artifizialak eta datuen analisiak trafikoaren kudeaketaren eta bide-segurtasunaren hobekuntzan izan dezaketen eraginean jarri du arreta.

    Nielka Ibarguren Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzako Ikerketa Arloko arduradunak eman dio irekiera jardunaldiari, "Bidaia Euskadiko trafikoaren kudeaketaren eta kontrolaren bilakaeran barrena" izeneko hitzaldiarekin. Ondoren, "Errepide konektatuak: azpiegitura, ibilgailua eta trafikoa" izeneko lehen blokea ireki da, eta Sener Mobilityko Sonia Millak esku hartu du, "Murgiltze-ingurunearen aplikazioak mugikortasun konektatuan" izeneko hitzaldiarekin; Asimob-eko Amaia Aretxaldek "Datuak ikuskapen autonomo bidez, azpiegiturak bide-segurtasunean duen eragina ebaluatzeko" gaiaz hitz egin du; eta Swarco-ko David Garcíak, berriz, "Errepide konektatua, etorkizun handiko errealitatea" hitzaldia eskaini du.

    Bigarren blokean, "Datuetatik erabakietara: trafikoaren kudeaketa adimenduna" izenekoan, Isidro Arrieta Ingartek-eko kideak "Datuetatik erabakietara: adimena (artifiziala ala ez) mugikortasun seguruagoa lortzeko" izeneko hitzaldia eskaini du, eta, ondoren, Gertek-eko Irantzu Boresek atal hau osatu du "Datu-espazioak eta mugikortasun adimendua: erakundeen arteko lankidetzatik kudeaketa bateratura" hitzaldiarekin.

    Eta, azkenik, "Bide-segurtasuna mugikortasun berrian: giza faktorea" izeneko hirugarren panelean, Stratesys taldeko Gorka Moralesek parte hartu du "Pentsatzen duten errepideak, erabakitzen duten gidariak. AA azpiegituran, aukeratzeko askatasuna" izenburupean; eta Baleuko Egoitz Rodríguez-ek eman dio bukaera,"Berrikuntza teknologikoa konektatzeko, kontzientziatzeko eta segurtasunez gidatzeko ohiturak sustatzeko" hitzaldiarekin.

    Azkenik, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak amaiera eman dio jardunaldiari, eta azpimarratu duenez, "aukera paregabea dugu aurrerapen teknologikoak aprobetxatzeko eta bide-segurtasunaren zerbitzura jartzeko". Olabarriren esanetan, "administraziook gai izan behar dugu zehazteko norantz egin nahi dugun aurrera eta zein helburu lortu nahi ditugun. Eta enpresek, zentro teknologikoek eta ikerketa-taldeek hori lortzeko modu berriak aurkitzen lagun diezagukete. Lankidetza hori bereziki garrantzitsua da adimen artifizialean, datuen kudeaketan edo azpiegitura konektatuetan, non aurrerapen teknologikoen abiadurak gure ezagutzak eta gaitasunak etengabe eguneratzea eskatzen duen".

    Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)