- Euskadi abisu horian dago asteburu honetan elur-arriskuagatik, 500-700 metroko elur-kotekin, eta izotzagatik
- Egoera hori dela eta, Trafikoko zuzendariak Neguko Bidezaintza Plana fase operatiboan aktibatzea erabaki du
Asteburu honetan, Euskadi abisu horian dago elur-arriskuagatik, 500-700 metro inguruko elur-kotekin. Euskalmet euskal meteorologia zerbitzuaren arabera, ostiral honetan elur-kota 600-800 metro inguruan kokatuko da. Bihar, larunbata, elur-kota 500-700 metro inguruan kokatuko da goizaldean eta eguneko lehen eta azken orduetan; erdiko orduetan, berriz, 700-800 metro inguruan izango da. Eta igandean, prezipitazio arriskua jaitsi egin daiteke, baina abisu horia mantenduko litzateke tenperatura baxuakaitik eta barnealdean izotza egin dezakeelako, 00:00etatik 10:00etara.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana martxan jartzea erabaki du, ostiral honetan, martxoaren 14an, 18:00etatik aurrera, modu prebentiboan. Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoari erabakiaren berri eman zaio. Bertan, trafikoa kudeatzeko eskumenak dituzten euskal erakunde guztiak daude ordezkatuta.
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, "Euskalmeten iragarpenaren arabera, ez da arazo handirik espero trafikoan, baina, hala ere, modu prebentiboan aktibatzea erabaki dugu Neguko Bidezaintza Plana". Olabarrik gaineratu duenez, "dena dela, errepidean elurra edo izotza badago, garrantzitsua da ohiko gomendioak jarraitzea, hala nola, abiadura murriztea, astiroago gidatzea edo aurrean doazen ibilgailuekin ohikoa baino segurtasun-distantzia handiagoa mantentzea".
Beharrezkoa izango balitz, Eusko Jaurlaritzak, prebentzio moduan, 7 garabi astun jarriko ditu errepide-sare nagusian gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratuko direla ziurtatzeko. Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu kudeaketa-gelan eta telefono-arretan, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, web-orriaren, sare sozialen eta abarren bidez.
Neguko Bidezaintza Plana 2024-2025
Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen 2024-2025eko Neguko Bidezaintza Planean jaso denez, foru aldundien eta autobideen elurra kentzeko 215 makina aktibatu ahal izango dira, iaz baino bederatzi gehiago; bai eta tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu ere. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da aurtengo negurako 28.500 tona gatz eta 775.000 litro gatzun izatea.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)