Euskadin, 2025ean, 43 pertsona hil dira trafiko-istripuz, 2024an baino sei gehiago
- Heriotza-tasak gora egin du Araban (17 heriotza, 2024an baino 8 gehiago), Bizkaian mantendu egin da (9rekin) eta Gipuzkoan behera egin du (17 heriotza, 2 gutxiago)
- Mugikortasunari dagokionez, 2025ean gainditu egin dira 2024an erregistratutako trafiko-fluxuak, bai hiriburuetarako sarbidean, bai ibilbide luzean eta Biriatuko mugako pasabidean

2025ean, oro har, heriotza-indizeak gora egin du, eta istripu-tasa, berriz, ia 2024ko maila berean mantendu da. Araba izan da hildakoen kopuruan gorakadarik handiena izan duen lurraldea, aurreko urtekoarekin alderatuta; Gipuzkoan, berriz, hildakoen kopuruak behera egin du eta Bizkaian mantendu egin da. Era berean, kolektibo kalteberetan hildakoen kopuruak behera egin du.
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Estibaliz Olabarrik 2025eko Euskadiko errepideetako istripu-tasaren behin-behineko balantzea aurkeztu zuen abenduaren 31n.
Guztira, 43 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan trafiko-istripuan, 2024an baino 6 gehiago, 2023an eta 2022an baino 1 gutxiago eta 2019an baino 8 gutxiago (pandemiaren aurreko azken urte homologagarria). Generoaren arabera, hildakoen % 79 gizonak izan ziren (34) eta % 21 emakumeak (9). Kolektibo kalteberen artean, hildako motozaleen kopurua jaitsi egin da (11, aurreko urteko 15en aldean), oinezkoena ere jaitsi egin da (5, 2024an 6ren aldean) eta txirrindulariena igo (3 aurten; 2024an ez zen bakar bat ere erregistratu).
Datuak perspektiban aztertuz gero, beheranzko joerari eusten zaio: 2003an 202 pertsona hil ziren, 2010ean 64, 2019an 51 eta 2025ean 43.

HERIOTZA-TASA LURRALDEKA
Lurraldeka, Arabak eta Gipuzkoak izan dute heriotza-tasa handiena 2025ean: 17 heriotza izan dira bi lurraldeetan. Arabaren kasuan, aurreko urtean baino 8 gehiago dira, eta Gipuzkoan, berriz, 2 gutxiago. Bestalde, Bizkaian 2024ko zifra errepikatu da: 9 pertsona hil dira.
KOLEKTIBO KALTEBERAK
Euskadin hildako 43 pertsonetatik, % 44 kolektibo kalteberen batekoak ziren: 11 motozaleak ziren, 5 oinezkoak eta 3 txirrindulariak.
Aurreko urteekin alderatuta, 2025ean kolektibo kalteberetan hildakoen portzentajea % 22 jaitsi da 2024arekin alderatuta, kolektibo horretako hildakoen kopurua 21etik 19ra jaitsi baita.
2025ean 11 motozalek galdu dute bizia, eta 2024an eta 2023an, berriz, 15ek eta 11k. Era berean, oinezkoen heriotza-tasak behera egin du, 5 hildakorekin; 2024an eta 2023an, berriz, 6 edo 8 hildako izan ziren, hurrenez hurren. Eta txirrindularien heriotza-tasak gora egin du, 3 heriotzarekin; 2024an eta 2023an, berriz, ez zen bat ere izan.
Generoaren arabera, 2025ean Euskadin trafiko-istripuan bizia galdu duten 43 pertsonetatik % 79 gizonak izan dira (34) eta % 21 emakumeak (9). Datuak generoaren, adin-taldearen eta pertsona motaren arabera aztertuta, ondoriozta liteke 2025ean trafiko-istripuan hil diren pertsonen profil nagusia 45 eta 64 urte arteko gizonezko batena dela, istripua izan duen ibilgailuaren gidariarena, hain zuzen.

ISTRIPU-TASA
Istripu-tasa pixka bat igo da, oro har, 2024arekin alderatuta. Ertzaintzak erregistratutako datuen arabera, 2025ean 7.859 trafiko-istripu izan dira Euskadin (2024an baino % 1,7 gehiago). Horietatik 2.495 biktimak eragindako istripuak izan dira: 449 Araban, 1.153 Bizkaian eta 893 Gipuzkoan.
Era berean, 453 pertsona larri zauritu dira (2024an baino % 7 gutxiago).
Hildakoen tipologiari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu 32 gidariak izan direla (19 turismokoak edo beste ibilgailu batekoak, 10 motozikletakoak eta 3 bizikletakoak), 6 bidaiari eta 5 oinezko.

MUGIKORTASUNA
Mugikortasunari dagokionez, oro har, 2025ean gainditu egin dira 2024an erregistratutako zifrak. Hala ere, azpimarratu behar da euskal hiriburuetarako sarbideetan erregistratutako trafiko-fluxuen portaera desberdina dela ibilbide luzeko fluxuen eta mugaz gaindiko fluxuen aldean.
Hiriburuetara sartzeko fluxuetan, 2025ean ia % 4ko igoera erregistratu da 2024an erregistratutakoen aldean. Ibilbide luzeko mugikortasunean eta nazioarteko trafikoan izandakoa baino hazkunde-erritmo handixeagoa da. Egoera hori, batez ere, erregaien prezioaren nolabaiteko egonkortzearen ondorio izan daiteke, ia 2025. urte osoan mantendu baita, eta faktore horrek eragina izan dezake aurreko urteetan (2023 eta 2024) garraio publikoaren erabilerak izandako goranzko joeraren geldialdian.

Ibilbide luzeko eta mugaz gaindiko bidaiei dagokienez, 2025ean % 3ko eta % 2ko batez besteko igoerak izan dira, hurrenez hurren, 2024an erregistratutakoen aldean. Hazkunde moderatuak dira, azken urteetan erregistratutakoetatik urruntzen direnak eta % 6 ingurukoak zirenak. Badirudi Europako ekonomian muga-zerga handiak ezartzeak sortutako ziurgabetasunak ibilgailu astunen joan-etorrien urteko batez besteko hazkunde handia moteltzen lagundu duela, pandemiaren ondoren izandako tendentzia aldatuz.



