24_0324 Euskal Poliziak motozikleten kontrola indartuko du asteburuetan

Euskal Poliziak motozikleten kontrola indartuko du asteburuetan

Prentsa Zerbitzua

2024-05-31

• Aurtengo urtean, orain arte, 6 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean • Motozikleta-parkeak gora egiten jarraitzen du. Euskadin gaur egun 158.600 motozikleta baino gehiago daude erregistratuta, orain dela 5 urte baino % 16 gehiago

Aurten, orain arte, 6 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean. Istripu-mota hori saihesteko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin koordinatuta, motozikletak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du ekaineko, uztaileko eta iraileko asteburuetan, ibilgailu hori gehien erabiltzen den garaian.   

Abiadura desegokian gidatzea da motor-gidarien kolektiboan istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak nabarmendu du: “Nahiz eta azken urteotan behera egiten ari den hildako motozaleen kopurua, kolektibo zaurgarrien artean biktima gehien izaten dituen kolektiboa da Euskadin. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzatik formakuntza sustatzen jarraitzen dugu, kolektiboari zuzendutako doako ikastaroen bidez, bere trebeziak hobetzeko eta istripuak saihestu ahal izateko”.

Gaur egun, Euskadin 158.601 motozikleta daude erregistratuta, orain dela 5 urte baino % 16 gehiago. Igoerarik handiena Bizkaian izan da eta 70.093 daude, Gipuzkoan 69.769, eta Araban, aldiz, 18.739.  

Kanpaina hau trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 38 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.  

Jaitsi Bideoa Motorrean bakarka ibiltzeko aholkuak