23_0657 Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du kamioien ikuskapena Euskadin

Eusko Jaurlaritzak indartu egingo du kamioien ikuskapena Euskadin

Prentsa serbitzua

2023-10-16

Urriaren 17tik 19ra bitartean, kamioiek baimendutako zama baino gehiago garraiatzen duten egiaztatuko da.

Asteartetik ostegunera bitartean, biak barne, Ertzaintzak kamioien pisuaren zaintza indartuko du, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ondo lotuta dagoen egiaztatzeko.

Kanpaina hauek Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoaren helburuei erantzuten diete, planaren xedea izanik, Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren hitzetan, “istripu-tasa murriztea Zero Biktima helburua lortzearren, bide-segurtasuna, trafikoaren arintasuna eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarritutako mugikortasuna sustatzearen bidez”.

Era honetako aurreko kanpainan 336 ibilgailu ikuskatu zituzten, eta horietatik 13 ibilgetu zituzten (horietako 7 Gipuzkoan eta 6 Araban). Bestalde, 47 arau-hauste espezifiko eta beste mota bateko 81 erregistratu zituzten.

Kamioien pisua zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainak trafikoa eta garraioa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urte osorako programatutako 45 kanpainen egutegiaren barruan sartzen dira.