23_0041 Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du 13:00etatik aurrera

Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatuko du 13:00etatik aurrera

Servicio de prensa

2023-01-17

• Euskadin abisu horia dago aktibatuta elurragatik gaur goizeko 9etatik, eta bihar, asteazkena, alerta laranjara pasatuko da, elurra 300 eta 400 metroan bota baitezake • Egoera horren aurrean, Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoa gaur eguerdian elkartu da Bilbon negu beteko egoera honi aurre egiteko jarduketak koordinatzeko

Euskadin abisu horia dago aktibatuta gaur elur-arriskuagatik, goizean 1.000 metro inguruan bota baitezake eta arratsaldean elur-maila hori 600-700 metrora jaits baitaiteke, eta gauean 400 metrora. Bihar egun osorako alerta laranja ezarri da, 300-400 metroan bota baitezake elurra, eta zenbait lekutan baita beherago ere. Ondorioz, Neguko Bidezaintza Planaren jarraipen- eta informazio-fasea aktibatu da goizeko 9etatik.

Aurreikuspena ikusita, gaur eguerdian Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan (Bilbon) elkartu da Neguko Bideozaintza Plana (NBP)  Koordinatzeko Organoa, Euskadiko erakunde guztiak ordezkatzen dituena. Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak zuzendu du bilera Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak lagunduta. Bileran izan direnek Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa aktibatzea erabaki dute 13:00etatik aurrera. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, prebentzio moduan, 7 garabi astun izango ditu errepide-sare nagusian gurutzatuta gera litezkeen kamioiak erretiratuko direla ziurtatzeko. Gainera, baliabide gehiago jarriko ditu kudeaketa-gelan eta telefono-arretan, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango die, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, webgunearen, sare sozialen eta beste hainbat baliabideren bitartez.

Neguko Bidezaintza Plana 2022-2023

Eusko Jaurlaritzak koordinatzen duen 2022-2023ko Neguko Bidezaintza Planean jasota dagoenez, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 205 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu aktibatu daitezke. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin indartu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da negu honetarako 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.