23_0038 Hiru pertsona zauritu dira Lezaman eta Larrabetzun gertatu diren bi trafiko-istriputan

N-1ean, Tolosan, kamioi bat irauli da eta ilara luzeak sortu dira

Hiru pertsona zauritu dira Lezaman eta Larrabetzun gertatu diren bi trafiko-istriputan

Servicio de prensa

2023-01-16

Guztira hiru pertsona zauritu dira N-637 errepidean, Lezamako eta Larrabetzuko udal-barrutietan, gertatu diren bi zirkulazio-istriputan, eta bi kasuetan trafiko-arazoak sortu dira. Bestalde, kamioi bat tartean zela gertatu den beste istripu batek ilara luzeak sortu ditu N-1 errepidean, Tolosan, Irunerako noranzkoan. Errepidea arratsaldeko bost eta erdiak aldera geratu da erabat zabalik.

Arratsaldeko ordu bata eta hamar aldera, kamioi batek eta bi autok talka egin dute N-637 errepidean, Lezaman. Talkaren ondorioz, errei bat zirkulaziorako itxita geratu da, eta ilarak sortu dira Erletxeserako noranzkoan. Bi pertsona Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dituzte. Arratsaldeko lau eta erdiak aldera, ibilgailuak erretiratu dituztenean, bidea normaltasunera itzuli da.

Arratsaldeko hiruak eta hogeita bostean, hiru autok atzeko talka egin dute N-637 errepidean, kasu honetan Larrabetzun, Arrontegirako noranzkoan. Pertsona bat zauritu da eta Galdakaoko ospitalera eraman dute. Istripuak ilara batzuk eragin ditu, erreietako bat itxita geratu baita. Errepidea bostak eta laurden aldera geratu da libre.

Kamioi bat irauli da N-1 errepidean

Goizeko hamar eta erdiak aldera, kamioi artikulatu bat irauli da N-1 errepidean zihoanean, 435 kilometro-puntuan, Tolosako udal-barrutian. Irunerako noranzkoko bi erreiak erabat itxita geratu dira zirkulaziorako, eta 13 kilometrora arteko ilarak sortu dira. Arratsaldeko ordu bata baino lehentxeago egokitu ahal izan da errei bat zirkulatzeko, eta garabi batek bostak laurden gutxiak aldera erretiratu du kamioia bidetik. Errepidea garbitzeko eta egokitzeko lanak amaitu ondoren, 17:40 aldera geratu da bidea erabat zabalik.