22_0605 Zalla: emakume bat hil da zirkulazio-istripu batean auto batek bota duen kale-argi batek jota

Ibilgailuaren gidaria atxilotu dute, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita

Zalla: emakume bat hil da zirkulazio-istripu batean auto batek bota duen kale-argi batek jota

Prentsa Zerbitzua

2022-08-24

Zorigaiztoko gertaera bart gertatu da Zallan, auto bat galtzadatik irten eta kale-argi bat jo ondoren. Kale-argi hori espaloitik oinez zihoan emakume baten gainera erori da. Osasun-langileak biktima suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko. Istripuan nahastutako ibilgailuaren gidaria atxilotu dute bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita, gidatzeko baimenik ez duelako eta alkoholaren eraginpean gidatzen ari zelako. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripua zerk eta nola eragin duen argitzeko.

Ezbeharra atzo, asteartea, gaueko hamaiketan gertatu zen, Bizkaiko Zalla udalerrian. GueƱeserako noranzkoan zihoan auto bat galtzadatik irten zen Orive auzoan, eta, jarraian, kale-argi baten aurka talka egin eta bota zuen. Kale-argi horrek emakume bat jo zuen espaloitik, senide batekin batera, oinez zihoanean.

Gertaeraren berri izan bezain laster, Larrialdi Zerbitzuetako hainbat baliabide bertaratu ziren biktima artatzera. Suhiltzaileak eta osasun-langileak emakumea suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin haren bizitza salbatzeko.

Biktima, 67 urtekoa, Bizkaiko Auzitegiko Patologiako Zerbitzura eraman zuten, eta istripua gertatu zenean harekin batera oinez zihoan pertsona ospitalera eraman behar izan zuten antsietate-krisi baten ondorioz.

Istripuaren ondoren, Ertzaintzako agenteek istripua eragin zuen ibilgailuko gidaria atxilotu zuten, 25 urteko gizon bat, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delituak eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa posible bat egotzita, ez baitzuen gidabaimenik eta alkoholaren eraginpean ari zen gidatzen.