22_0450 Ertzaintzak kamioien eta autobusen azterketa indartuko du Euskadin

Ertzaintzak kamioien eta autobusen azterketa indartuko du Euskadin

Servicio de prensa

2022-06-10

Ekainaren 13tik 19ra bitartean, besteak beste, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak betetzen dituzten edo segurtasun-uhala erabiltzen duten egiaztatuko dute

Ertzaintzak kamioiak eta autobusak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du ekainaren 13tik 19ra bitartean, erabilera publikoko errepideetatik zirkulatzeko baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko, istripuak saihesteko helburuarekin.

Alde batetik, gidatzeko eta atseden hartzeko denborak kontrolatuko dituzte, baimendutako gidatze-orduak gainditzen diren eta ezarritako atsedenaldiak egiten diren egiaztatzeko. Era berean, ibilgailuen takografoek behar bezala funtzionatzen duten eta erregistroak faltsutzeko eta polizia-kontrolak saihesteko manipulatu diren ere zainduko dute, manipulazio hori agiri ofiziala faltsutzearen delitutzat hartzen baita.  

Kamioien kasuan, baimendutakoa baino zama handiagoa daramaten eta zama ongi lotuta dagoen ere egiaztatuko dute. Autobusen kasuan bidaiariek segurtasun-uhala jantzita duten zainduko dute.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan: “Era honetako kanpainek nabarmen laguntzen dute istripuen tasa, Zero Biktima Ikuspegiarekin, murrizteko helburu bateratua lortzen, Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoenari jarraituz. Ikuskapen eta kontrol horiei esker askotan lortzen dugu ondorio larriak izan zitzaketen istripuei aurrea hartzea”.  

Kanpaina hau Trafikoa eta Garraioa Zaintzeko eta Kontrolatzeko urte osoan zehar egingo diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da, arrisku-portaerak saihesteko.