22_0337 Ertzaintzak eta udaltzaingoek motozikleten kontrola indartuko dute

Ertzaintzak eta udaltzaingoek motozikleten kontrola indartuko dute

Prentsa Zerbitzua

2022-05-06

Aurtengo urtean Euskadiko errepideetan 6 motozale hil dira. Motorrak Euskadiko ibilgailuen % 10 dira.

Aurten, orain arte, 6 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean, horietatik 3 Gipuzkoan eta beste 3 Bizkaian. Era horretako istripuei aurrea hartzeko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikletak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du larunbatean eta igandean, eta ekainaren 3tik 5era eta 24tik 26ra.

Abiadura desegokian gidatzea da motor-gidarien kolektibo honek istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gogoratu du errepidean zaurgarrienak diren kolektiboek, hau da, oinezkoek, txirrindulariek, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) gidatzen dituztenek eta motor-gidariek, babes berezia eskatzen dutela.  Era berean, Nire gurpiletan jar zaitez estrategia ekarri du gogora: “bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazioa eta motor-gidarientzako formakuntza sustatzen ditu, trebeziak hobetu eta arriskuko portaerak eta istripuak saihets ditzaten”.

Gaur egun motozikletak Euskadiko ibilgailu guztien % 10 dira, 2020ko datuen arabera. Lurraldez lurralde, Gipuzkoa da motozikleta gehien erregistratuta dituen lurraldea (guztien % 46), eta ondoren Bizkaia (% 42) eta Araba (% 12).

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.