Ikaztegietan pertsona bat zauritu da furgoneta bat errepidetik aterata
2020-08-23
Gaur, igandea, arratsaldean 58 urteko emakume bat zauritu da N-1 errepidean, Gipuzkoako Ikaztegieta herrian, gertatu den zirkulazio-istripu batean. Bestalde, asteburu honetan Ertzaintzak sei gidariren aurkako eginbideak hasi ditu alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik.
Adierazitako istripua gaur arratsaldeko 16:40an gertatu da N-1 errepidean, Ikaztegietako udal-barrutian eta Donostiarako noranzkoan, Renault Master furgoneta bat kontrola galdu eta errepidetik atera denean. Istripuan zaurituta geratu da furgonetan zihoan bidaiaria, 58 urteko emakumea, eta Tolosako klinika batera eraman dute pronostiko erreserbatuko zauriekin.
Alkoholemien balantzeari dagokionez, bestalde, asteburuan Ertzaintzak sei gidariren aurka eginbideak hasi ditu bide-segurtasunaren aurkako delitu bat leporatuta, egin zaizkien alkoholemia- eta droga-probetan tasa positiboak eman ondoren.
Hiru inputazio larunbatean egin zituzten Antzuolan, Donostian eta Irunen. Gaur beste hiru gidariren aurkako eginbideak hasi dituzte Lasarte-Orian, Zizurkilen eta Leioan.