19_1193-eu

Bost pertsona zauritu dira Euskadiko errepideetan izandako hiru trafiko-istriputan

Prentsa bulegoa

2019-11-02

Gaur Euskadiko errepideetan biktimak eragin dituzten istripurik adierazgarrienak Olaberrian, N-1ean; Hernanin, A-15 autobidean; eta Antzuolan, GI-631 errepidean gertatu dira. Gipuzkoako lurraldean gertatutako hiru istripu horien ondorioz, bost pertsona, hiru gizonezko eta emakumezko bat, eraman behar izan dituzte ospitalera, nahiz eta inork ez zuen larritasunik.

Lehenengo istripua eguerdiko hamabiak eta laurdenean gertatu da N-1ean, Olaberriako udal-barrutian. Volkswagen Bora auto bat errepidetik atera da Gasteizerako noranzkoan zihoala. Istripuaren ondorioz, bi bidaiariak, 51 urteko aita eta seme adingabea, zauritu egin dira eta Zumarragako ospitalera eraman behar izan dituzte. Ibilgailua bidean gurutzatuta geratu da, eta bertara hurbildu diren agenteek inguruko gasolindegi batetik desbideratu behar izan dute trafikoa. Ibilgailua erretiratzeko lanak eta bidea garbitzekoak amaitu ondoren, arratsaldeko hiruetan leheneratu da zirkulazioa.

Bigarren istripua arratsaldeko ordu bata hamar gutxian gertatu da Hernanin, A-15 autobidean. Mercedes Benz furgoneta batek, Iruñerako noranzkoan zihoala, hesia jo du errepidetik atera ondoren. Istripuan 24 urteko gidaria zauritu da, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dute.

Zaurituak eragin dituen hirugarren istripu adierazgarria arratsaldeko ordu biak hogei gutxian gertatu da. Seat Leon auto batek eta zura zeraman Man kamioi batek atzetik egin dute talka GI-631 errepidean, Antzuolan. Istripuaren ondorioz bi ibilgailuak gurutzatuta geratu dira errepidean, eta bi noranzkoetan itxi behar izan da bidea. Istripuan autoan zihoazen 27 urteko gizonezkoa eta 35 urteko emakumezkoa zauritu dira, eta Zumarragako ospitalera eraman behar izan dituzte.