16_1187-eu

Datorren igandean izango da Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna

“Egun horrek baliagarria izan beharko luke biztanleria kontzienteago egiteko gidatze arduragabe baten arriskuez eta ondorioez”

Prentsa bulegoa

2016-11-17

Datorren igandean, azaroaren 20an, izango da Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak gizartearen kontzientziazioa eta sentsibilizazioa areagotzera zuzenduko diren irrati-iragarkiak egin ditu, asteburuan hedabideetan aireratzeko. Horrez gain, efemeridea gogorarazteko mezuak emango dira Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak kudeatzen dituen seinaleztapen aldakorreko paneletatik eta Trafiko Zuzendaritzaren Twitterreko kontutik (@trafikoaEJGV).

Garbiñe Sáez Molinuevo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, “gure lanaren helburua da gero eta istripu-biktima gutxiago izatea. Izatez, 2015-2020rako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako Plan Estrategikoan jasotzen diren ekintza guztiak ikuspegi horrekin lerrokatzen dira. Euskadi mugikortasun seguruaren eta iraunkorraren arloko erreferente bihurtu nahi dugu, eta, hartara, trafiko-istripuen kopurua eta larritasuna murriztu nahi dugu. Egun horrek baliagarria izan beharko luke biztanleria kontzienteago egiteko gidatze arduragabe baten arriskuez eta ondorioez”.

Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan eta kaleetan hildako pertsonen datuei dagokienez, azken urteotako beherako joerari eusten zaio. Gaur arte, azaroaren 17ra arte, 39 hildako izan dira (35 gizonezko eta 4 emakumezko). Azken hildakoa Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateko agente bat izan da –aurrez izandako istripu baten ondorioz sortu ziren auto-ilarak erregulatzen ari zenean harrapatu zuen auto batek–. Joan den urtean, aldi horretan bertan, 48 hildako izan zen.

Ezbeharren kausa nagusiak

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak ezbeharren kausa nagusiak gogorarazi nahi izan ditu: gehiegizko abiadura eta/edo abiadura desegokia; deskuiduak edo arreta galtzea; eta substantziek (alkoholak, drogek, sendagaiek) gidatzeko garaian duten eragina. Hala ere, nabarmendu behar da istripu gehienak faktore ugariren ondoriozkoak direla, hau da, istripua ez duela kausa bakar batek eragin, hainbat kausak baizik.

Faktore horiei guztiei giza faktorea ere erantsi behar zaie, eta ez da erraza izaten faktore hori datu estatistikoetan islatzea.

Faktore batzuk ez-egitezko faktoreak dira, nagusiki deskuiduak edo arreta galtzeak, hala nola:

  • Segurtasun-tarteak ez mantentzea.
  • Gelditzeko edo pasatzen uzteko seinaleak ez betetzea.
  • Kontrako noranzkoko erreia modu partzialean hartzea, ohartarazpen- edo debeku-seinaleei jaramonik egin gabe.
  • Gure maniobrak behar bezala ez seinaleztatzea, eta abar.

Ez-egitezko ekintzetako asko konfiantza-gehiegikeria baten ondoriozkoak dira. Izatez, konfiantza-gehiegikeria horren ondorioz, ahaztu egiten da gidatzeak ekintza iraunkorra, arduratsua eta zuhurra izan behar duela beti, eta gidatzeak bezalaxe, trafikoaren zirkulaziorako bide publikoa erabiltzeak, oro har.

Beste arrisku-faktore batzuk ez-egitezkoak baino gehiago, egitezkoak dira eta hiru portaera motarekin lotuta daude:

  • Gero eta zabalduago dauden elementu elektronikoak erabiltzea, hala nola telefono mugikorrak, GPSa eta abar.
  • Gehiegizko abiadura (ezarritako eta behar bezala seinaleztatutako mugak ez errespetatzea) zein abiadura desegokia (eguraldi txarraren ondorioz, trafikoaren intentsitatearen ondorioz edo ikuseremu urriaren ondorioz).

Kalkulatzen da 2011ren eta 2015aren artean izandako istripu guztien % 36ren kausa nagusia abiadurarekin eta deskuiduekin lotuta egon zela. 

  • Alkoholaren eta drogen kontsumoa eta gidatzeko ahalmena murritz dezaketen bestelako substantzien kontsumoa da arrisku-portaeren hirugarren faktore nagusia.

Egindako azterketek ondorioztatzen dute abiadura edo deskuiduak –edo bi faktoreak batera– izan zirela 2015eko istripuen % 23ren kausa nagusia, eta hildakoak eragindako istripuen % 30en kausa nagusia.

Bestalde, istripua izan ondorengo alkohol-kontroletan pertsonen % 4,7k positiboa eman zuten, eta droga-kontroletan % 27k eman zuten positiboa (2015eko datuak).

Datu horien arabera, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak egindako autopsietan hildakoen % 32k baino gehiagok positiboa eman zuen alkoholean eta/edo drogetan.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak bide-heziketako eta prestakuntzako ekintzak antolatzen ditu, errespetuz eta zuhurtasunez gidatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko biztanleria. Azken urteotako ekintzetan, abiadura, deskuiduak eta alkohola eta/edo drogak nabarmendu dira bereziki (abian jarri diren kanpainak eta prestakuntza-ekintzak ikus daitezke www.trafikoa.eus web-orrian). Bestalde, eguraldi txarra denean edo trafiko dentsitate handia aurreikusten denean –hala nola udako operazio berezietan– mezuak eta gomendioak zabaltzen ditu kontzientziazio-kanpainen bitartez.

 

Era berean, motozikleta-gidariei zuzendutako prestakuntza-ikastaroa nabarmendu behar da. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak aurten lehen aldiz bultzatu ditu ikastaro horiek Vitoria-Gasteizko, Bilbaoko eta Donostiako Asociacion Mutua Motera elkartearekin batera.

Ekitaldia igandean Donostian

Aurreko urteetan bezalaxe, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bat egingo du aurten ere Stop Accidentes elkarteak antolatzen duen trafiko-istripuetako biktimak oroitzeko ekitaldiarekin. Ekitaldia datorren igandean, eguerdiko 12:00etan, egingo da Donostiako Alderdi Eder lorategietan, eta bertan izango da Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendaria.

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Mundu Eguna 2005eko urrian sortu zen, Nazio Batuetako Batzar Nagusiak ebazpen bidez eskatu zienean gobernuei azaroko hirugarren igandea xede horretarako izendatzea. Egunaren helburua da istripuetako biktimak aintzatestea eta biktimen familiakoen egoera latza aintzatestea, familiakoek egin behar baitiete aurre zorigaitzeko ezbehar horien ondorio emozionalei eta praktikoei.