Trafiko Zuzendaritzaren eginkizunak
1.- Honako eginkizun hauek dagozkio Trafiko Zuzendaritzari:
-
Trafiko, motordun ibilgailuen zirkulazio eta bide-segurtasunari buruzko arauen aurkako lege-urratzeagatik has daitezen zigor-espedienteen izapideak egitea eta erabakitzea, legeetan xedatutakoarekin bat etorriz.
-
Ezaugarri tekniko berezikoak direlako edo karga zatiezina garraiatzen dutelako, arauz ezarritako gehienezko tamaina eta neurriak gainditzen dituzten ibilgailuentzako baimen bereziak ematea.
-
Lasterketa, txapelketa, lehiaketa eta, oro har, kirol-saioetarako baimena ematea, zati batean edo osoan Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko bideetatik egin behar direnean.Ekitaldi horiek direla eta, jendetza handia bilduko dela aurreikusten denean, horrek dakartzan segurtasun-mailako arazoez, horretan duen eskumena Ertzaintzaren eta Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaekin batera burutuko da.
-
Ibilgailu historikoei buruzko indarreko araudian xedatutako egitekoak.
-
Gidari-eskola partikularren araudi arautzailean aurreikusitako eginkizunak betetzea. Eginkizun horietakoak dira, besteak beste, gidari-eskola partikularrak irekitzeko eta jardunean jartzeko baimenen erregimenari dagozkionak, zuzendari eta irakasleei baimena emateko erregimena eta aipatutako eskola horien ikuskaritza.
Lehen aipatutako b), c), d) eta e) idatzi-zatiei lotutako eskumenak Trafikoko Lurralde-bulegoei dagozkien organoek baliatuko dituzte, beren eskumen-eremuaren barruan.
Lehen aipatutako a) idatzi-zatiari lotutako eskumena Trafikoko Lurralde-bulegoei dagozkien organoek eta Automatizatutako Salaketak Izapidetzeko Zerbitzuko arduradunak baliatuko dute, beren eskumen-eremuaren barruan.
Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko zehapen-prozedura arautzen duen araudian xedatutako ondorioetarako, Trafikoko Lurralde-bulego bakoitzeko instruktorea edo Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko (TAIZA) instruktorea izango da zehapen-espedienteak izapidetzeko organo arduraduna, eta zehatzeko eskumena izango dute Trafikoko Lurralde-arduradunek edo Trafikoko Arau-hausteak Izapidetzeko Zentro Automatizatuko (TAIZA) arduradunak.
2.- Ondoko hau ere Trafiko Zuzendaritzaren eskumenekoa da:
-
Hiriarteko trafikoaren kudeaketa eta kontrola. Hori betetzeko, berari dagokio Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta helburu horretako gainontzeko instalazioak zuzentzea eta kudeatzea.
-
Hiriarteko bideetako segurtasuna eta arintasuna hobetzeko jarduerak planifikatzea, zuzentzea eta bateratzea, batez ere hiri-bide eta herri handietarako sarreretakoak, zati eta gune arriskutsu eta trafiko handikoetakoak eta zeharbideetakoak..
-
Bide publikoetako trafikoaren berri ematea erabiltzaileei.
-
Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetako trafikoaren udalen esku ez dagoenaren- kontrola, antolatzea, zaintza eta diziplinako irudiak hartzeko eta aldakiak ateratzeko bideo-kamerak eta beste edozein bitarteko jartzeko agintzea.
-
Trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzea, indarrean dagoen legediarekin bat.
-
Bide-hezkuntzako irakasle-titulua eta gidatzen irakasteko eskola partikularretako zuzendariarena lortzeko ikastaroak antolatzea, tituluak ematea eta eskola horietako irakasleentzako eguneratze-ikastaroak antolatzea.
-
Bide-hezkuntza eta bide-segurtasunaren arloko jarduera-programak planifikatzea eta egitea eta zabalkunde-kanpainak garatzea.
-
Trafiko eta bide-segurtasunaren arloko azterketak eta ikerlanak egitea.
-
Trafikoari eta zirkulazio-istripuei buruzko estatistikak egin eta zabaltzea.
-
Trafiko-istripuei buruzko txostenak eta azterketak egitea.
3.- Trafikoa zaintzeko, arautzeko eta kontrolatzeko edozein neurri ezartzerakoan, eta bide-segurtasuna mantentzerakoan Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzaren behar diren unitateen laguntza izango du.
Aipatutako neurriak garatzeko, Trafiko zuzendaritzak Ertzaintzaren laguntza izango du. Horretarako, dagozkion jarraibideak emango dizkio Ertzaintzari:
-
Trafikoa zaintzeko zerbitzuen arteztarauak eta arau-hausteak maiz gertatzen direlako edo arriskua sor dezaketelako, trafikoaren antolamenduaren arduradun diren Ertzaintzako unitateen arreta berezia izan behar duten arau-urratzeak.
-
Zein diren, arriskutsuak direla-eta, zaintzako zerbitzu bereziak behar dituzten bidegune edo zatiak.
-
Trafikoa zaintzeko ardura duten Ertzaintzako unitateek irudi mugikorrak hartzeko eta erreproduzitzeko baliabideak erabiltzerakoan jarrai beharreko bideak eta arteztarauak, trafikoko eta bide-segurtasuneko araudiaren helburuak lor daitezen.
-
Urriaren 30ko 6/2015 Legegintza Errege Dekretuaren 5 artikuluko o) idatz-zatian azaltzen diren aurretiazko kontrolen esparrua, Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioko eta Bide Segurtasunaren Legearen testu bategina onartzen duena.
-
Abiadura-kontrolak egiteko arteztarauak.
Trafiko zuzendartzak eta Ertzaintzak batera aztertuko dituzte jarduera-planak, koordinazio osoz bete daitezen.
Ertzaintzari dagokio Trafiko Zuzendaritzatik emandako aginduak polizialki zertzea. Hala ere, berariaz aurreikusitako premialdiko kasuetan, zuzendaritza horrek zuzenean jo ahal izango du Trafikoko lurralde-unitateetara, Herritarren Segurtasunerako Zuzendaritzak izendatutako organoari ahalik eta azkarren jakinarazita.
4.- Trafiko-arloan erakunde desberdinen laguntza bermatzeko, Trafiko Zuzendaritzari dagokio:
-
Errepidetiko eta bideetatiko garraioaren zaingoa, segurtasuna, ikuskapena eta salaketa-eginkizunak betetzerakoan foru aldundiekin elkarlanean aritzea eta hiriarteko seinalizazioak erabakitzea.
-
Errepideetako gaietan eskumena duten administrazioekin lankidetza sustatzea, elkarri laguntzeko bakoitzaren eskumenak erabiltzen.
-
Beste herri-administrazioetako organo baliokideekin hartu- emanak sortu eta elkarlanerako jarraibideak finkatzea.
-
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo batzuekin lankidetzan aritzea, batez ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin bide-segurtasunari buruzko berariazko programazioa lortzeko ikastetxeetarako, eta Osasun Sailarekin edari alkoholdunek, droga toxikoek, estupefazienteek eta sustantzi psikotropikoek istripuekiko duten eragina aurreikusteko.
-
Udaltzaingoekin harremanak sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoan trafiko, motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide-segurtasunari buruzko araudia bete eta interpreta dadin.
-
Eskualdeetako eta nazioarteko beste administrazioekin lankidetzan aritzea Europa barneko errepideen sareko trafikoaren kudeaketari eta trafikoko informazioaren elkartrukeari dagokionean.
5.- Euskadiko Bide Segurtasun Batzordearen Komite Iraunkorraren lehendakaria Trafiko zuzendaria izango da, Euskadiko Bide Segurtasun Batzordea antolamendua eta jarduteko modua eratzen duena martxoaren 11ko 35/2014 Dekretuaren 7. a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz; aipatutako Araudiko 8. artikuluan izendatzen zaizkion eginkizunak beteko ditu eta Plan hori betetzen den jarraipena egingo du.