Bide prestakuntzako irakasleak

Gidari-eskola partikularretako irakasleek Bide-prestakuntzako irakaslearen edo Gidari-eskola partikularretako irakaslearen  gaitasun-ziurtagiria, edo Mugikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntzako goi-mailako teknikariaren  titulua izan behar dute.

Mugikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntzako goi-mailako teknikariaren tituluari buruzko informazioa.

Bide-prestakuntzako irakaslearen gaitasun-ziurtagiria lortzeari dagokionez, hona hemen informaziorik garrantzitsuena:

Gaitasun-agiria eskuratzeko betekizunak (betekizunak eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira):

  • Behintzat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo teknikariaren (Erdi mailako Lanbide Heziketa) titulua izatea.
  • B motako gidabaimenaren titular izatea, gutxienez, bi urteko antzinatasunaz.
  • Barne Ministerioak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak proposatuta zehazten dituen gaitasun psikofisikoak izatea.
  • Horretarako deitutako ikastaro edo probak gainditzea.

Aldez aurretiko aukeraketa-proba. Ikastaroa bera egiten hasi aurretik, bi proba gainditzean datzan aldez aurretiko aukeraketa egingo da:

  • Ariketa teorikoa: proba honetan zirkulazioari buruzko arau eta seinaleak eta bide segurtasunaren nondik norakoak irakatsiko dira. Aukera anitzeko galdetegiari erantzun behar zaio idatziz. Saio hori ezinbestez gainditu behar da saio praktikoa egin ahal izateko.
  • Ariketa praktikoa: proba honetan zirkulazio orokorrerako bideetan (herri barruko zein kanpoko bideak) ibilgailuak gidatzeko teknika eta trebezia irakatsiko da. Proba honetan eskatzaileak autoa ekarri beharko du.

Ikastaroaren erregimena. Ikastaroak izaera teorikoa eta praktikoa du, bi fase ditu:

  • Urrutiko irakaskuntzaren fasea: ikasketa teorikoak egingo dira eta hauek izango dira ikasgaiak:

    a) Zirkulazioari buruzko arauak eta seinaleak.

    b) Bide segurtasuna, gidatzeko eta zirkulatzeko teknikak, erregaia aurrezteko moduko gidatzea, ingurugiroa eta kutsadura, zirkulazio-istripuak, horietan eragiten dituzten ondorioak eta faktoreak.

    c) Ibilgailuen Araudi Orokorra eta, bereziki hauena: ibilgailu astunak, pertsonak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak eta ibilgailu bereziak eta lehentasuna dutenak.

    d) Ibilgailuen asegurua.

    e) Gidabaimenak, eskola-orduak eta haiek lortzeko egin beharreko gaitasun probak arautzen dituen Araudia.

    f) Gidatzen ikastea eta gidariak prestatzeko zentroak arautzen dituen Araudia.

    g) Gidaritzari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

    h) Ibilgailuen mekanika eta oinarrizko mantenua.

    i) Trafiko istripuen ondoren jarduteko arauak eta lehen laguntzak ematekoak.

Bertaratze-fasea: aldi honetan, ikastaroak urrutiko irakaskuntzaren aldian dituen gaien aplikazio pedagogikoa eta praktikoa egingo da eta bai irakaskuntza teorikoari zein haren aplikazio praktikoari ekingo zaie.

Bilera-lekua: Bai aldez aurretiko aukeraketa-proba, bai ikastaroaren urrutiko irakaskuntzaren aldia eta bai bertaratze-aldia Vitoria-Gasteizen izaten dira.