01.-INFO GENERAL - CGTE-eu

Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa

Proiektuaren jatorria

 

Mugikortasun iraunkorra helburutzat hartzen bada, ezinbestean ziurtatu behar dira trafikoaren antolamendu eta erregulazio dinamiko eta moldakorrak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriarteko bideetako zirkulazioaren inguruabar bereziei une oro erreparatuko dietenak.

 

Helburu hori beteko bada, trafikoa eta bide-segurtasuna arautzeko gaurko dispositiboekin nekez lor daitezkeen jarraipena eta kontrola egin behar zaizkie bideei. Arazo horri ekiteko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzak hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema garatu du, horrelako sistemek Europan zehar osatzen duten sarearekin bat egin dezakeena, errepide-sarea denbora errealean monitorizatzea eta hiriarteko bideetako zirkulazioaren egoera erregulatu, kontrolatu edo bideratzeko neurriak hartzea ahalbidetzen duena.

 

 

EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa

 

ETKZri buruzko bideoa ikusteko (flv 17Mb)

 

Trafikoa kudeatzeko sistema horren barruan, Trafiko Zuzendaritzak eta Herrizaingo Sailak EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzeko proiektua aurkeztu zuten (maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema arautu eta EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortu zuena).

 

Zentroa Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari atxikitako administrazio-unitatea da. Hiriarteko zirkulazioa eta trafikoa kudeatzen ditu EAEko errepideen sarean, trafikoa kudeatzeko sisteman definitutako sistema eta estrategien bitartez.

 

Horrela, bada, zentroak honako eginkizunak ditu:

 

  • a) Euskal Autonomia Erkidegoan hiriarteko zirkulazioaren eta trafikoaren egoera gainbegiratzea, denbora errealean monitorizatuz.
  • b) Datuak bildu, sailkatu eta aztertzea: trafikoaren bolumena, batez besteko abiadura, zerbitzu-maila eta, oro har, trafikoaren bereizgarri diren parametro guztiak, bai eta trafikoari eragiten dioten atmosferako aldagaiak eta kutsaduraren ingurukoak ere.
  • c) Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak trafikoa kudeatzeko onetsitako planak aktibatzea.
  • d) Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko hiriarteko bideetan trafikoko gorabeherei antzematea eta azkar erantzutea.
  • e) Une oro estrategia eta neurri egokiak hartzea trafikoa antolatu eta erregulatzeko, zirkulazioaren itomenari aurrea hartzeko eta trafikoaren jarioa eta segurtasuna bermatzeko; horretarako, hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistemak eskaintzen dituen aukera teknikoak kudeatuko ditu, halakorik egonez gero.
  • f) Trafikoa antolatu eta erregulatzeko estrategia eta neurri egokiak hartzea gertakari bereziak izaten direnean; adibidez, kirol probak, azokak, Aste Santua, oporraldietako irteerak eta sarrerak, eta abar. Betiere, trafikoa kudeatzeko berariaz egindako planetan xedatutakoari lotuko zaio. 
  • g) Seinale aldakorrak dituzten panelen erabilerak eta mezuak ezartzea kasu bakoitzean.
  • h) Herritarrei ibilgailuak gidatzeko orientabideak ematea, bide-sarearen egoera jakinaraztea, eta zirkulatu eta lekuz aldatzeko ordezko aukeren erabilerarik eraginkorrena erakustea; horretarako, gomendioak igorriko ditu mezu aldakorreko panelen bitartez, edo informazio-buletinak zabalduko ditu hedabideen eta informaziorako teknologiarik egokienen bitartez.
  • i) Harremanak eta informazio-trukea egitea hiriko trafikoa kudeatzeko beste zentro batzuekin eta Europako pasabide atlantikoaren inguruan trafikoaren eta bide-zirkulazioaren ardura duten beste administrazio batzuekin.
  • j) Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko arautegiaren eta xedapen osagarrien kontrako arau-hauste izan daitekeen zerbait egin dela jakinez gero, agintari eskudunak jakitun jartzea. 
  • k) Datu pertsonalen babesari eta trafikorako bideo-kameren erabilerari buruzko arautegia betetzea, bere eginkizunetan ari denean.
  • l) Indarreko antolamendu juridikoak eta organo eskudunek ezartzen dizkioten gainerako eginkizunak.

 

EAEko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren xedeak

 

“EAEn trafikoa kudeatzen duen zentroa izatea; EAEko errepide-sareko zirkulazioaz eta trafikoaz informazioa ematea; errepideetako istripuen kopurua gutxitzea; lehendik dauden azpiegituren zerbitzu-maila hobetzea; berariaz definitutako plan eta protokoloak aktibatzea; eta, horretara, herritarrei kalitateko zerbitzua eskaintzea”