Innovabide 21

• Innovabide Sareak Bide Segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten 60 erakunde eta enpresa biltzen ditu

Eusko Jaurlaritzak laneko Bide-Segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa aitortu dio Normicro enpresari

Trafiko Zuzendaritza

2021-12-15

• Horrez gainera, aipamen berezia eman die: PINE Equipos Eléctricos, PINE Instalaciones y Montajes eta PINE Security konpainiei

 

Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur eman dio Innovabide 2021 Aintzatespena Normicro enpresari, eta Aipamena PINE Equipos Eléctricos, PINE Instalaciones y Montajes eta PINE Security konpainiei, bide-segurtasunaren arloan hartutako konpromisoagatik eta gauzatutako jardunbide egokiengatik.

Euskadin gertatzen diren eta hildakoak edo zauritu larriak izaten dituzten 4 trafiko-istripu larrietatik bat lan-esparruan gertatzen da. Berez, aurten era horretako 662 istripu gertatu dira Euskadiko errepide-sarean, eta horietan 11 pertsona hil dira eta beste 53 larri zauritu dira. 2020a urte atipikoa izan zen pandemiaren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketengatik, eta urte osoan era horretako 568 istripu gertatu ziren eta horietan 8 pertsona hil ziren eta 52 larri zauritu ziren.

Eusko Jaurlaritza modu aktiboan ari da lanean “in itinere” (lanpostuarekin zerikusia duten joan-etorrietan) eta “in mision” (lanean ibilgailu bat gidatzen) gertatzen diren istripuei aurrea hartzeko eta era horretako istripuak murrizteko. Helburu horrekin sortu zuen 2017an Innovabide Sarea, kudeaketa aurreratuaren bidez bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa hartuta duten enpresek osatua. Edozein enpresa sar daiteke sarean dohainik, edozein izanik ere neurria edo sektorea. Horrela, bide-segurtasunaren kudeaketatik hartutako konpromisoaren baitan neurtzeko moduko ekintza zehatzak egingo ditu, sare sozialetan presentzia izango du, laneko bide-segurtasuna lantzen duen enpresa gisa, eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzeaz eta ikaskuntzaz baliatu ahal izango da. Gaur egun sektore ezberdinetako 60 erakunde eta enpresa baino gehiago daude Innovabide Sarean, eta egunetik egunera atxikipen gehiago izaten ditu.

Honako hau esan du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak: “Trafiko-istripuetan ‘Zero Biktima Ikuspena’ lortzearren, istripuen tasa murrizteko erronkarekin konpromisoa hartuta duten erakunde, eragile, elkarte eta antolakunde guztien erantzukizun partekatua da bide-segurtasuna. Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2021-2025 Plan Estrategikoan jasota dagoen eta, aldi berean, 2030ean, 2020arekin alderatuta, hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 50 murrizteko konpromiso globalarekin lerrokatuta dagoen konpromisoa da”.

Joan den azaroaren 25ean egin zen modu birtualean Innovabide Sareko enpresen Hirugarren Topaketa, eta sarea osatzen duten antolakundeen esperientziak eta lan-esparruan istripuen tasa murrizteko gauzatzen dituzten ekintzak azaldu zituzten bertan.  

Sari-banaketa gaur egin da Euskadiko Trafikoa Koordinatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan, eta Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak Normicro enpresari eman dio Hirugarren Innovabide Aintzatespena, bide-segurtasunaren kudeaketan hartuta duen konpromisoagatik eta bere jardunbide egokiengatik. Euskarri tekniko informatikoa ematen duen konpainia bat denez, bertako langileak etengabe ibiltzen dira errepidean batetik bestera, eta Normicrok, beraz, segurtasunez gidatzeko ikastaro bat eman berri die, trebeziak ikasteko eta istripuak saihesteko.

Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak aipamen berezia eman die honako konpainia hauei:  PINE Equipos Eléctricos, PINE Instalaciones y Montajes eta PINE Security, euren lan-esparruetan bide-segurtasuna sustatzeko egiten duten ahaleginarengatik. Hiru konpainiak ZIMA taldekoak dira; ingeniaritzaren arloko enpresa talde horrek industria eta ingurumen zerbitzuak ematen ditu.

Innovabide Sareko enpresa guztiek jarraitu ahal izan dute zuzenean eman den ekitaldia formatu birtualean.