Aurten, urtea hasi zenetik, 13 pertsona hil dira motorreko istripuetan Euskadin
Segurtasun sailak motor-gidarientzako segurtasunez gidatzeko ikastaroen aldeko apustua egiten du
Era horretako istripuak saihesteko, zilindrada ertaineko eta handiko 100 motor-gidarik jasoko dute euren trebeziak hobetzeko doako prestakuntza
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendaria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak antolatutako segurtasunez gidatzeko ikastaroetan izan da gaur goizean. Doako prestakuntza gaur, larunbata eta bihar, igandea, emango dute Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian instalatu den zirkuitu seguru batean. Helburua trebeziak eta abileziak hobetzea da, motor-gidarien kolektiboan istripuak saihesteko, errepidean zaurgarrienetako bat baita.
Guztira 100 pertsonak parte hartuko dute perfekzionamenduko ikastaro teoriko-praktiko hauetan, eta, besteak beste, ibilgailua kontrolatzeko eta menderatzeko teknikak, frenatzeko moduak, hiriko eta hiriarteko trafikoan mantendu beharreko posizionamendua, egoeraren araberako trazadura eta segurtasun pasiboko elementuekin zerikusia duen guztia landuko dituzte.
Ikastaro hauek antolatzen dira Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko 2025erako Plan Estrategikoan jasota dagoen Eusko Jaurlaritzaren konpromisoari erantzunez. Horren arabera, formakuntzako, prebentzioko eta sentsibilizazioko programak ezarriko dira kolektibo zaurgarrien istripuak saihesteko.
HILDAKO MOTOR-GIDARIAK
Aurtengo urtean, orain arte, 13 pertsona hil dira motorreko istripuetan Euskadin: horietako 9 Gipuzkoan, 2 Bizkaian eta beste 2 Araban. 2023. urte osoan baino bi gehiago dira, urte horretan 11 motor-gidari hil baitziren, eta 2022an 14 eta 2021ean 17.
2018 |
2019 |
2020 |
2021 |
2022 |
2023 |
14 |
16 |
9 |
17 |
14 |
11 |
EUSKO JAURLARITZAREN EKINTZAK
Asteburu honetan Arkauten hasiko diren ikastaroak Jar zaitez nire gurpiletan estrategia zabalaren parte dira. Estrategia horretan sentsibilizazioa sustatzen da motor-gidarien eta beste era bateko ibilgailuak gidatzen dituzten pertsonen arteko elkarrizketen bidez. Estrategia motor-gidarientzako ikastaro teoriko-praktikoekin osatzen da. Dagoeneko 550 pertsonak parte hartu dute ikastaro horietan, duela 6 urte abian jarri zirenetik.
Bestalde, berritasun gisa, aurten azaroan egingo den Trafiko Zuzendaritzaren dibulgazio-jardunaldian Euskadiko motor-gidarien errealitatea eta gure kale eta errepideetan haien segurtasuna hobetzeko baliabideak aztertuko dira.
Era berean, bakarka joatean edo taldean joatean motorra segurtasunez gidatzeko aholkuak biltzen dituzten bi dekalogo argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak.