Trafiko Istripuen
Urtekari estatistikoa
Aurkezpena
Jarraian aurkezten dugun Urtekari Estatistikoak aukera ematen du trafiko-istripuetan eragina duten faktoreei buruzko datuak ezagutzeko, istripu-tasaren arazoaren garrantzia zehazteko eta biktimak eragiten dituzten trafiko-istripuen inguruabarrak aztertzeko. Trafiko-istripuen kopurua eta horien larritasuna murrizteko erabakiak hartzeko tresna eraginkorra, fidagarria eta ezinbestekoa da.
2021-2025 aldirako Euskadiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguruko eta Jasangarriko Plan Estrategikoa bat dator 2030erako hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua % 50 murrizteko konpromiso orokorrarekin, zirkulazio-istripu baten ondorioz kaleetan eta errepideetan zero biktimako ikuspegiarekin. Helburu hori lortzeko, beharrezkoa da trafiko-istripu batean eragina duten elementu guztiak bilduko dituen informazio estatistiko osoa izatea. Erabakiak hartzeko ikerketa datu estatistikoetan oinarritu behar da.
Dokumentazio-lan hori Ertzaintzako agenteek — Trafikoko Lurralde Unitateek zein ertzain-etxeek — eta udaltzaingoek — beren jarduera-eremuetan erregistratutako trafikoko atestatuak bidaltzen dituzte — egunero egiten duten lanaren parte da. Guztiei eskertzen diegu egindako lana, zorroztasuna eta profesionaltasuna.
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzatik, 2024ko Urtekari Estatistikoa editatu eta argitaratzen dugu, tresna baliagarria izan dadin bide-segurtasunaren erronkarekin konprometituta dauden eragile eta erakundeek gure politikak egoki diseinatu ahal izan ditzaten, eta herritarrak jabetu daitezen gure kale eta errepideetako jokabide desegokien ondoriozko arriskuez eta ondorioez.

Estibaliz Olabarri
Trafikoko zuzendaria
Definizioak
Estatistika honetan kontuan izan ditugu ezaugarri hauek izan dituzten istripuak:
- Zirkulazio publikorako irekitako bideetan edo trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari edo bide-segurtasunari buruzko legerian adierazten den bideren batean gertatu izan dira edo beraietan izan dute jatorria.
- Mugimenduan dagoen ibilgailu batek izan du zerikusia, gutxienik.
- Istripuaren ondorioz:
- Pertsona bat edo gehiago hil edo zauritu da.
- Kalte materialak baino ez dira eragin.
Estatistiketarako, definizio hauek ere kontuan izan ditugu:
Ibilgailu bat zirkulazio istripuan tartekotzat hartzeko, honako egoeraren bat edo gehiago batera behar dira:
- Ibilgailua martxan dagoela talka egin:
- Mugimenduan, geratuta edo aparkatuta dagoen beste ibilgailu bat edo gehiago.
- Beste oztopo motaren bat.
- Oinezkoak
- Animaliak.
- Talkarik ez, baina:
- Istripuaren ondorioz gidaria edota bidaiariren bat hil edo zaurituta geratu, edo kalte materialak baino eragin ez.
- Gidariak edo bidaiariek istripuaren ondorio zuzenik izan ez arren, gidariaren edo bidaiariren baten jokabidea istripuaren eragileetako bat izan da.
- Ibilgailua modu arriskutsuan geratuta edo aparkatua egotea, horixe izanik istripua eragin duen faktoreetako bat.
- Gidaria edo bidaiariren bat beste ibilgailuren batek harrapatua izatea hura ibilgailura sartzen edo handik irteten ari dela. Kasu horretan bi ibilgailuek zerikusia izan dutela ulertuko dugu.
Definizio espezifikoak
Istripu biktimaduna: Lagun bat edo batzuk hil edo zauritzen diren istripu mota da. Argiketa.
Heriotza eragin duen istripua: Lagun bat edo batzuk lehendabiziko 24 orduetan hiltzen diren istripu mota da.
Kalte materialak eragin dituen istripua: Heriotzarik eta zauriturik eragin ez duen istripu mota da. Txostena.
Biktima: Zirkulazio istripuaren ondorioz hiltzen den edo zauritzen den nornahi.
24 ordu baino lehen hila: Istripuaren ondorioz, berehala edo istripua gertatu eta 24 orduren buruan hiltzen den laguna.
30 egun baino lehen hila: Istripuaren ondorioz, berehala edo istripua gertatu eta 30 egun baino lehen hiltzen den laguna.
Zauritua: Istripuaren ondorioz hil ez baina zauriren bat duen pertsona.
Zauritu larria: Trafiko istripuan zauritutako edozein pertsona, ospitalean hogeita lau ordutik gorako egonaldia egiten badu.
Zauritu arina: Goiko definizioa ez dagokion eta istripuaren ondorioz zauritzen den edozein pertsona.
Gidaria: 1.1 atalean adierazitako bideetan edo guneetan ibilgailua gidatzeko ardura duena, gurdi-abere, zamabere edo zela-animalien ardura duena edo abere talderen bat bere ardurapean daramana.
Bidaiaria: Gidariaz aparte ibilgailuaren barruan edo gainean dagoen laguna.
Oinezkoa: Gidaria ez den beste norbait, 1 atalean aipatutako bideetan edo guneetan oinez dabilena. Oinezkotzat hartuko dira haur-autoei edo mugikortasun urriko pertsonen motor gabeko aulkiei sakaka doana, bi gurpileko zikloa edo motor-bizikleta oinez daramana, motordun edo motor gabeko aulki gurpildunean dabilen mugikortasun urriko pertsona, eta irristagailu edo motorrik gabeko antzeko beste ibilgailuen gainean lehen aipatutako bide edo guneetan dabilena. Oinezkoak izango dira baita motorra konpontzen, gurpilak aldatzen edo antzeko beste zerbaitetan ari direnak ere.
Elkar jotzea: Ibiltzen ari diren ibilgailu motordun, bizikleta edo gurdi-abere biren edo batzuen arteko ukipen fisiko eta bortitza da.
Talka: Ibilgailu baten edo batzuen ukipen fisiko eta bortitza da, geratuta dagoen beste ibilgailu edo gai baten kontra.
Galtzadatik irtetea: Mugitzen ari den ibilgailu bat bortizki eta nahi gabe bidetik irtetea da, irten aurretik elkar jotzerik edo talkarik egon gabekoa, nahiz eta ondoren gerta daitezkeen.
Harrapaketa: Mugitzen ari den ibilgailu batek pertsona edo animalia batzuk bortizki harrapatzea da, pertsona edo animaliok ibilgailuen zirkulaziorako erabiltzen den bidean edo kanpoan daudelarik.
Gurpil biko ibilgailua: Bizikletak, motor-bizikletak, motorrak eta motor-gurdiak dira, baita mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak ere.
Ibilgailu arina: Autoak, autoetatik eratorritakoak, ibilgailu misto moldagarriak, furgoiak eta 3.500 kg baino gutxiagoko kamioiak. Eta erremolke arinak.
Ibilgailu astuna: 3.500 kg baino gehiagoko kamioi eta furgoiak; traktokamioiak, erdierremolkeak eta merkantzia-erremolkeak, eta era guztietako autobusak.
Beste ibilgailu batzuk: Istripuetan parte hartzen duten animaliak dira, gehienbat. Gainera, kategoria honetan sartzen dira abereek tiraturiko ibilgailuak, nekazaritzako ibilgailu eta erremolkeak, traktogurdiak, lanetako makinak, militarrak eta aurreko definizioetan sartzen ez den guztia.
Urtekaria PDFn
Datuen laburpena
Estatistikak
Istripu-tasaren bilakaera, Udalerrien arabera
Ertzaintzak erregistraturiko Istripuak
Iturria: Trafiko Zuzendaritzako Estatistika
Zerbitzua