Joan edukira
Twitter
YouTube
eu

    Eusko Jaurlaritzako erreskate-garabien zerbitzuak 548 zirkulazio-gorabeheratan esku hartu du 2024an Euskadiko errepideetan

    Argitalpen-data: 

    
      Gruas.jpg
    • Kalkuluen arabera, 1.430 kilometroko auto-ilarak saihestu dira, garabien esku-hartzeari esker
    • Zerbitzu hori Gipuzkoara, Donostialdeko metropoli-ingurunera, zabaltzea aurreikusten da

    Bilboko metropoli-inguruneko sarbideetako eta A-8 autobideko ibilgailuak premiaz kentzeko garabi arinen laguntza-zerbitzuak 548 gertakaritan esku hartu du 2024an, zerbitzu honek funtzionamenduan daraman hamalaugarren urtean. Gertakari horietatik 226 istripuek eragindakoak izan dira eta 322 matxurek eragindakoak. 548 kasu horietatik 220tan, gidariek ezin izan zuten haien ibilgailua bazterbidera eraman.

    Era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko ilarak sortzen ditu, zirkulazio-baldintza normaletan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzuak 1.430 bat kilometroko ilarak saihestu dituela kalkulatzen da (220 gorabehera 6,5 kilometroko).

    Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza da euskal errepideen segurtasunaren erantzule nagusia, baina, era berean, gidatzea guztiontzat ahalik eta arinena eta erosoena izateak arduratzen gaitu. Horregatik, ezarri zenetik hain emaitza onak ematen ari zaigun garabi arinen laguntza-zerbitzu hau mantentzen jarraitzen dugu". Gainera, Olabarrik iragarri duenez, "urte honen erdialderako, Trafiko Zuzendaritzak zerbitzu hori Donostialdeko metropoli-ingurunera zabaltzeko asmoa du".

    Duela 14 urte zerbitzua martxan jarri zenetik, garabiek 7.407 jarduera izan dituzte. 2024an, garabiak mobilizatu diren aldien %41,2 istripuengatik izan da, 2023an (%35,4) eta 2022an (%36,2) erregistratutakoa baino ehuneko handiagoa. Badirudi azken urteetan izandako istripuen ondoriozko erreskateen beheranzko joerak (matxurek eragindako erreskateen pixkanakako gorakadarekin batera) joera-aldaketa bat izan duela, beraz, 2024an.

    Garabiak, gehienez ere lau, A-8 autobidean daude, 110 kilometro-puntuaren (Basauri) eta 139 kilometro-puntuaren (Kantabriarekiko lurralde-muga) artean, A-8 autobidearen tarte horretan eta bertan dauden sarbideetan istripua izan duten autoak erreskatatzeko lanak egiteko, zirkulazioaren bi noranzkoetan. Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzarekin adostuta aurrez zehaztutakoak dira garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, eta bi noranzkoetan bide-zati zabalak hartzen dituzte. Erreskate-garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizazio-abisua jasotzen duenetik zerbitzua behar den puntu zehatzera iritsi arte igarotzen den batez besteko denbora 12 minutu ingurukoa da.

    Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera eramaten dira, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten da ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabia.

    Gipuzkoara zabaltzeko asmoa

    Trafiko Zuzendaritzak laster zabalduko du erreskate-garabien zerbitzua Gipuzkoako Lurralde Historikora, Donostialdeko ingurune metropolitarrera hain zuzen ere, egunero intentsitate handiko trafiko-fluxuak jasaten dituzten hiru gune estrategikori estaldura emateko. Hiru eremu horiek honako hauek dira: GI-636 errepidea, Donostia eta Iparraldeko mugaren artean; GI-20, GI-40, GI-41 eta A-15 errepideak, Hernani eta AP-8arekiko lotunearen artean; eta N-1, Tolosa eta Lasarte artean, GI-11 eta A-15, Andoain eta Hernani artean.

    Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)